Goizuetan jokatuko da, aurten, Mingañe Saltsan bertso sariketaren finalaurrekoetako bat, Atekaberts Leitzako bertso eskolak antolatuta. Ostiral honetan izanen da hirugarren finalaurrekoa, Umore Ona elkartean, gaueko 21:00etan hasita. Sei bertsolarik hartuko dute parte: Agin Laburu astigartarrak, Arrate Illarok, Ekhiñe Zapiainek, Diego Riañok, Maialen Akizuk eta Eneko Araiztegik.
Bertso afari formatuan eginen dute, eta sarrerak salgai daude Amaia kafetegian eta Estankoan, 25 euroan.
Apirilaren 21ean hasi zen Mingañe Saltsan bertso sariketa, eta maiatzaren 19an izanen da finala, Leitzan. Horretara sailkatzeko, hiru finalaurreko antolatu dituzte, inguruko herrietan. Azkaraten izan zen aurrenekoa, apirilaren 21ean, eta Etxahun Lekuek eta Aratz Igartzabalek lortu zuten finalera pasea. Bigarrena, berriz, Uitzin jokatu zen, joan den ostiralean, Iñaki Zelaia hernaniarra tartean zela; baina Millan Telleria eta Onintza Enbeita sailkatu ziren finalera. Goizuetan izanen da azkeneko finalaurrekoa, ostiral honetan; eta Umore Onako saioko bi bertsolari onenekin osatuko da finalerako seikotea. Leitzako Torrea tabernan izanen da finala.