Hernanik Zubipen garaipena nahi du

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 29a, 00:00

Mutilek 16:30etan jokatuko dute Urolaren aurka eta neskek, bihar Donostian, bigarren postua lortu dezakete.

Futbol denboraldia azken asteetan sartu da eta gauza asko daude oraindik erabakitzeko. Hernaniko neskek bigarren postua eskura dute, lau jardunaldiren faltan eta bihar Donostian 15:30etatik aurrera, Intxaurdi garaitzen badute matematikoki eskuratu dezakete bigarren postua. Postu horrek igoera jokatzeko playoffa du sari. Arabako eta Bizkaiako bigarren sailkatuen aurkako triangularrean erabakiko da igo edo ez, baina hori jokatzeko bigarren postu hori ziurtatu behar da. 

Bestetik, mutilek, gaur 16:30etatik aurrera, Zubipen jokatuko dute Urolaren aurka. Bigarren postua urruti dago, baina aukera denak ez urruntzeko irabaztera irtengo dira hernaniarrak. Bigarren itzulia zaila izan da.

Jubenil Nazionalak ere etxean Leioa izango du aurkari, gaur 12:30etatik aurrera. Partidu garrantzitsua da atzeko postuak gertu daudelako eta irabaziz gero betirako aldenduko da arriskua. Hala ere, aurkari okerragorik ez dago helburua lortzeko. Leioa liderra da Athleticen eta Realaren aurretik. 

 

Mundarrok, Allerruren kontra

Mundarrok ez du Zarkumendegin jokatuko asteburu honetan. Hala ere, ez du urrutira bidaiatuko. Lezon, Plazetan, Allerruren aurka neurtuko ditu indarrak gaur, 17:40etatik aurrera. Aurreko asteko garaipen onari luzaera eman nahi diote. Berdinketa ere ona izan daiteke, baina garaipenak bederatzigarren postuari begira utziko luke taldea. Gorengo maila honetan, Hernanik galdu du maila baina ongi amaitu nahi dute. Gaur, 18:30etan, Hondarribia izango dute aurkari Zubipen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!