Grabni txapelketako finalerdiak, asteburuan

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 29a, 00:00

Unax Manterolak, Xabier Barandiaran eta Ekain Lizeagak jokatuko dituzte Abadiñon eta Idiazabalen.

Grabni txapelketako finalerdiak atzo hasi ziren jokatzen eta gaur eta bihar modalitate ezberdinetako norgehiagokak izango dira han eta hemen. Bailarak ere izango du ordezkaritza. Gaur 11:00etan Abadiñoko trinketean (Bizkaia) Unax Manterola gazteak txapelketa ofizial honetako finalerdia jokatuko du Nafarroaren aurka. Sailkapen fasean pelotari hernaniarrak irabazi egin zion Nafarroako ordezkariari, baina ez dakigu pelotari nafarrak berak jokatuko duen, beraz, ezin da pronostikorik egin.

Nafarroa ere izango du aurkari Xabier Barandiaranek gaur, Abadiñoko trinketean, 16:30etatik aurrera. Binakako partidua da eta Aranburu izango du bikotekide astigartarrak. Ligaxkan ez zuten jokatu ez batek eta ez besteak Nafarroaren kontrako porrotean.  

Ezker horman binaka, 22 urtez azpikoetan, Ekain Lizeagak gaur 10:00etan Idiazabalen, Nafarroaren aurka neurtuko ditu indarrak. Bikotekidea Egiguren edo Amiano izango du. 

 

Ormazabal eta Oses, Azpeitin

Berezkoen infantil mailako txapelketak bigarren jardunaldia izango du gaur Azpeitiko frontoi txikian.

Lurraldeko infantil onenak jokatzen dute eta Imanol Ormazabal astigartarrak Murumendiko pelotaria izango du aurkari, 17:00etan, eta Ekhi Oses hernaniarrak Ilunpekoa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!