Lehenengo hiru asteetan 158.961 aitorpen jaso ditu foru erakundeak, %16 gehiago

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 29a, 00:00

Hernaniko bulegoa Latsunben.

«Historiako haundiena da», ziurtatu du Eider Mendoza foru bozeramaileak. Informazioa eskuragarri dago Ogasuneko webguneetan.

Apirilaren hasieran hasi zen 2022ko errenta aitorpenaren kanpaina, Gipuzkoan eta Nafarroan. Bi lurraldeetan, duela bi aste  zabaldu zuten aitorpena telematikoki egiteko epea, internet bidezko plataformak erabilita; eta apirilaren 17tik dago bulegoetan aurrez aurre egiteko aukera. Ekainaren 23ra arte luzatuko da kanpaina Nafarroan, eta ekainaren 30era arte izango da aukera Gipuzkoan.

Aurreko urteetan bezala, aitorpen proposamen ugari prestatu dituzte Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Nafarroako Gobernuak, dauzkaten datuekin. Internet bidez kontsultatu dezake norberak, proposamenik prestatu ote dioten: gipuzkoa.eus/ogasuna/errenta webgunean gipuzkoarrek, eta errenta.na­fa­rroa.eus atarian nafarrek. Horietako batzuk postaz bidali dituzte: 250.000 baino gehiago Gipuzkoan, eta 65 urtetik gorako guztiei Nafarroan (proposamena prestatu badiete). Proposamena zuzena izanez gero, Nafarroako kasuan ez da ezer egin behar; eta Gipuzkoan, onartu egin behar da, webgunean bertan edo 943 11 30 00 telefonora deituta.

Ados egon ezean, berriz, beste modalitate batean egin beharko dugu errenta aitorpena.

 
Internet bidez, aurrez aurre, autolikidazioa...

Errenta aitorpena internet bidez egin nahi duenak, dagoeneko badauka horretarako aukera, au­rrez aipatutako webguneetan. Gipuzkoan, duela bi aste hasi zen interneteko modalitatearen epea. Gainera, eskuratu daiteke norberaren zerga informazioa, Gipuzkoataria egoitza elektronikoan; postaz bidaltzea ere eskatu daiteke. Errenta aitorpenari eskainitako webgunean egin behar da hori ere (gipuzkoa.eus/ogasuna/errenta). Atari horretan bertan, laguntza programa ere bideratu du Aldundiak, aitorpena internet bidez egiteko beharrezko argibide eta jarraibide guztiekin..

Nafarroan ere, zabaldu zuten aitorpena internet bidez egiteko epea, errenta.nafarroa.eus atarian. Bertan eskuratu ahal izango dira aitorpena osatzeko datuak, eta laguntza programa ere deskargatu daiteke webgunean, internet bidezko aitorpena egin eta aurkezteko. Edozein argibide ere, errenta aitorpenari eskainitako atarian topatu daiteke.

Batean zein bestean, egiaztagiri digitala behar da, errenta aitorpena internet bidez egiteko: Gipuzkoan, BAK, B@kQ edo ziurtagiri elektronikoa; eta Nafarroan, Cl@ve, ziurtagiri digitala edo PINa. Horietakoren bat izan ezean, aurrez aipatutako webguneetan topatu daitezke jarraibideak, eskuratu ahal izateko.

Presentzialki egiteko hitzordua hartu behar da

Internet bidez beharrean, errenta aitorpena presentzialki aurkeztu nahi dutenek, hitzordua eskatu behar dute gipuzkoa.eus/ogasuna/errenta webgunean edota 943 11 30 00 telefonoan. Ekainaren 8ra arte eskatu daiteke. Ohi bezala, Hernanin izango da bulegoetako bat, Latsunbeberri auzoko 8 eta 9 atarietan. Astelehenetik larunbatera egongo da zabalik, goizeko 08:00etatik 14:00etara. 

Nafarroako kasuan, aitorpena bulegoan egiteko ez ezik, telefonoz ere egin daiteke. Aranotik eta Goizuetatik gertuen, izango dira Doneztebekoa (Santa Lucia 6) eta Iruñekoa (Eskiroz 16). Hitzordua eskatu daiteke errenta.nafarroa.eus webgunean edota honako telefono zenbakietan: 948 50 55 05 eta 948 50 55 06 (astelehenetik ostegunera 08:00-17:30, eta ostiraletan 08:00-15:00).

Presentzialki beharrean, telefonoz egiteko aukera eskaini du Nafarroako Gobernuak hitzordua hartuta; eta aukeratutako egunean eta orduan, Ogasunak deituko digu 948 10 61 06 telefonotik, errenta aitorpena egin ahal izateko.

Hain justu, azkeneko telefono horretara (948 10 61 06) deitu dezakegu, zerga arloko kontsultak eta errenta tramiteak egiteko. Eta beste telefono zenbaki bat ere jarri du Nafarroako Ogasunak, herritarren eskura: errenta aitorpena internet bidez egitean arazo informatikoak izanez gero, 948 01 35 55 telefonora deitu dezakegu, edo soportec@navarra.es helbide elektronikora idatzi.

Doberako bazkideek eta Kronikakideek %30eko kenkaria, errenta aitorpenean

Errenta aitorpena egitean, Dobera Euskara Elkarteko bazkide edota Kronikakide direnek kenkaria izango dute Gipuzkoako Ogasunean, lehentasunezko jarduera izanik. Hori horrela, bazkidetza kuotaren %30a bueltatuko diete, aitorpena egitean.

Dagoeneko adierazpenen %40a aurkeztu dira, iaz baino %16 gehiago garai honetan

Gipuzkoako Errentaren kanpainak «oso erritmo onean» egin du aurrera. Hala ziurtatu du aste honetan Eider Mendoza foru bozeramaileak. Zehazki, lurraldeko Ogasunak 158.961 aitorpen jaso zituen joan den igandera arte, iazko aldi berean (kanpainaren lehen hiru asteetan) jasotakoak baino 21.892 gehiago.

Horrela, gipuzkoarrek dagoeneko aurkeztu dute kanpaina honetan zehar jasoko diren adierazpenen %40. «Inoizko zifrarik altuena da, iaz baino % 15,97 gehiago. Igoera hori azal daiteke, batetik, errentaren kanpaina honetan inoiz baino aitorpen gehiago espero direlako, eta, bestetik, 10 kasutatik 7tan zergadunen aldekoa delako», adierazi zuen Mendozak.

Errentaren kobrantza simulatzen duen SMS bidezko iruzur bati buruz ohartarazi du Ogasunak

Gipuzkoako Foru Ogasunak ohartarazi duenez, hainbat gipuzkoarri SMS bidez iruzur egiten saiatu dira azken egunetan, pasa den udan igarri eta salatu zen iruzur prozedura bera erabiliz. Mezuaren igorleak zerga administrazioa dela simulatzen du, eta esteka bat eransten dio mezuari, Errenta aitorpenaren itzulketa jasotzeko dela dioena. Gipuzkoako foru Ogasunak beharrezko neurriak hartu ditu iruzur saiakera hori jazartzeko, eta gogorarazi du neurririk onena erabiltzaileek datu pertsonalak eskatzen dituen edozein komunikazio susmagarriren aurrean prebentzioz jokatzea dela. Foru erakundeak ez du eskatzen SMS bidez ez informazio konfidentzialik, ez kontu-zenbakirik, ez zergadunen txartel-zenbakirik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!