Mobilizazio ugari izango dira astelehenean, Langileen Nazioarteko Egunaren harira

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 29a, 00:00

LABek eta Ernaik manifestazio bateratua egin zuten iaz, eta hala egingo dute aurten ere.

Sindikatu eta eragileek manifestazioak antolatu dituzte Euskal Herriko eremu askotan. Nabarmendu dute «martxan dauden borroka prozesuak» islatuko direla asteleheneko mobilizazioetan, eta parte hartzeko deia egin diete bailarako herritarrei. 

Iristear da maiatza. Astelehenean hasiko da hilabete berria, eta, aurten ere, aldarrikapenez josita iritsiko da Maiatzaren Lehena. Langileen Nazioarteko Egunaren harira, mobilizazioak eta kontzentrazioak antolatu dituzte Euskal Herriko sindikatu, kontseilu eta eragile nagusiek. Hala, Urumea bailara ere aldarrikapenez beteko da. 

Manifestaziorako deialdiak egin dituzte ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek, baita Kontseilu Sozialistak ere. Egungo testuinguruan, nork bere ikuspegitik, prekarietatea, soldaten duintasun eza, zaintza lanen prekarizazioa eta inflazioa izango dira, beste auzi askoren artean, gehien salatuko direnak. 

ELA: 'Borrokan, irabazteko'

ELA sindikatuak bi manifestazio nazional egingo ditu astelehenean. Ordu berean irtengo dira biak, goizeko 11:30etan; bat Bilboko Jesusen Bihotzatik, eta bestea Iruñeko Gurutze plazatik. 'Borrokan, irabazteko' lelo hautatu dute aurtengo aldarrikapenak laburtzeko.

Sindikatutik adierazi dute soldatak, pentsioak eta zerbitzu publikoak hobetzea direla «lehentasun nagusia»: «Langile klasearen oinarrizko eskubide sozialak ez dira bermatzen, eta erakunde publikoak kapitalismoak menperatzen ditu. Horrez gain, ikusten dugu sekulako inbertsio eza dagoela osasungintzan edo zaintzan; ez dauzkagu kalitatezko zerbitzu publikoak, eta garrantzitsua iruditzen zaigu horiek bermatzeko zerga politika errotik aldatzea».

ELAk Maiatzaren Lehenean egingo dituen mobilizazioak aurkeztu zituenean Euskal Herriko grebak goraipatu zituen. Sindikatutik nabarmendu dute, greba testuinguruan, zailtasunak haundiagoak direla sektore feminizatuetan: «Patronala bereziki gogorra izaten da emakumeek lan egiten duten esparrutako hitzarmenak negoziatzean. Hor genero irakurketa bat egitea garrantzitsua da, sektore maskulinizatuetan borrokak aurrera eramatea askoz ere errazagoa da, eta zailagoa da, aldiz, zahar egoitzetan, etxez etxeko laguntzetan, garbiketa sektorean...». 

Zerbitzu publiko duinak irabazteko «borroka» egitea da ELAren proposamena: «Erakundeak behartu behar ditugu neurriak hartzera, kalitatezko zerbitzuak aurrera eramateko. Garrantzitsua da nabarmentzea guk defendatuko ditugula Euskal Herriko langile klasearen lan eta bizi baldintzak, eta horren barruan daude zerbitzu publikoak, soldatak eta pentsioak, besteak beste». 

 
LAB: 'Antolatu. Borrokatu. 
Egiteko beste mundu bat!'

Bi manifestazio egingo ditu LABek Urumea bailara inguruan. Lehena Gipuzkoa mailako manifestazioa izango da, eguerdiko 12:00etan abiatuko dena, Donostiako Easo plazatik. Bigarrena, berriz, Buruntzaldea mailakoa izango da, eta arratsaldeko 18:00etan jarri dute hitzordua, Hernaniko Gudarien plazan. 

'Antolatu, Borrokatu. Egiteko beste mundu bat!' da LABek aurtengo Maiatzaren Lehenerako aukeratu duen leloa: «Ikusten dugu langileen bizimodua etengabe zailtzen ari dela, eta enpresa haundien irabaziak igotzen ari direla. Horren aurrean, trantsizio ekosozialista eta feminista aldarrikatzen dugu». 

Aipatutako trantsizioa gauzatzeko, «banaketa hirukoitza» mahaigaineratu du LABek: «Zaintza lanak, enplegua eta aberastasuna banatu behar dira; horri deitzen diogu banaketa hirukoitza. Alegia, zaintza sistema publiko komunitario bat, soldata duinak eta lanaldi murriztuak, eta zerga politikaren erreforma. Horrez gain, herritar guztien oinarrizko eskubideak bermatu behar dira; osasuna, garraioa, etxebizitza...». 

LABek, Gipuzkoa mailaz gain, herriz herriko manifestazioak egiteko hautua egin du aurten ere. Ernairekin batera egin du Hernaniko deialdia, «bertako borrokak» islatzeko: «Naturaltasunez antolatu dugu. Ikusi dugu Hernanin baldintzak daudela mobilizatzeko, gogoa dago, eta hemengo borrokak islatuko ditugu».

Sindikatutik parte hartzeko deia egin diete herritar guztiei, «patronalaren eta instituzioen jarrera salatzeko» eta «piztuta dauden borroka guztiak islatzeko».

CCOO-UGT: 'Subir salarios, bajar precios, repartir beneficios'

Euskadiko CCOOk eta UGTk deialdi bateratua egin dute astelehenerako. Donostiako Alderdi Ederretik aterako da Gipuzkoako manifestazioa, eguerdiko 12:00etan. 'Subir salarios, bajar precios, repartir beneficios' da bi sindikatuek hautatu duten leloa, eta horiek dira mobilizazioen aurkezpenean nabarmendu zituzten aldarrikapenak.

Loli Garciak, CCOO Euskadiko idazkari nagusiak, eta Raul Arzak, UGT Euskadiko idazkari nagusiak, patronalei helarazi nahi dieten mezua azaldu zuten: «Mezu argi eta zuzen bat bidali nahi diegu patronalei, soldatak hobetu behar dituzte irabazi historikoak lortzen ari diren une honetan». Bestalde, nabarmendu zuten orain arteko eskubideak «ez direla ezerezetik lortu», eta «eskubide berriak lortzeko borrokan jarraitu beharra» dagoela.

KS: 'Burgesiaren eta bere alderdien aurrean, alternatiba sozialista eraiki!'

Kontseilu Sozialistak ere egin du deialdia Maiatzaren Lehenean aldarrikapenak egiteko. Aurten Iruñean egingo dute manifestazioa, 'Burgesiaren eta bere alderdien aurrean, alternatiba sozialista eraiki!' lelopean. 

Buruntzaldeako Kontseilu Sozialistatik azaldu dute «alternatiba sozialista» dela euren apustua: «Egungo eszena politikoaren aurrean, zeinetan aukera bakar gisa askotariko alderdi politikoak ageri baitira, gure apustua alternatiba sozialista da. Hortaz, enpresari haundi eta bankarien eraginpean dauden alderdietatik kanpo antolatzea berebizikoa ikusten dugu». Maiatzaren Lehena zenbait ideia nabarmentzeko egun gisa ulertzen du Kontseilu Sozialistak: «Egun hau langile mugimenduaren historia iraultzailea omentzekoa da, baita bere independentzia ideologikoa eta politikoa azpimarratzekoa ere».

Hernanitik Iruñera joateko autobusa antolatu du Buruntzaldeako Kontseilu Sozialistak: «Gure deialdiarekin bat egiteak egun hau borroka egun gisa ulertzea esan nahi du, sozialdemokraziak folklore eta jaiegun bilakatu duen bitartean». Goizeko 10:00etan abiatuko da autobusa, Biteri ondoan dagoen geltokitik. Iruñera joan nahi dutenek buruntzaldea@kontseilusozialista.eus helbide elektronikora idatzi behar dute.

 

MOBILIZAZIOAK

LAB

12:00 Gipuzkoa mailako
manifestazioa, Donostiako Easo plazatik.

18:00 Buruntzaldeako
manifestazioa, Hernaniko Gudarien plazatik.

ELA

11:30 Manifestazioa Bilboko Jesusen Bihotzatik.

11:30 Manifestazioa Iruñeko Gurutze plazatik.

CCOO-UGT

12:00 Donostiako Alderdi Ederretik.

KONTSEILU SOZIALISTA

12:00 Manifestazioa Iruñean. Irteera Biteririk, goizeko 10:00etan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!