Oso gertu dauka Kopako garaipena Ibon Minerrek

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 25a, 00:00

Gipuzkoako Kopan lider jarraitzen du ereñotzuarrak, sei brilako aldearekin, tiraldi bakarraren faltan.

Orain arte jokatutako txapelketa bikainari segida eman, eta bolako Gipuzkoako Kopako lidertza sendotu zuen Ibon Miner ereñotzuarrak, igandean Lasarte-Oriako bolatokian. Bigarren izan zen Miner, 47 brilarekin, Xabi Lasa lasartearraren atzetik (48). Hori horrela, 137 brilarekin dago aurreneko postuan, eta sei brilaren aldea dauka Saigots Iglesias bigarrenarekin (131), tiraldi bakarra falta denean. Oso gertu dauka Kopako garaipena.

Gizonezkoen sailkapenean hirugarren dago Joxe Mari Etxebeste astigartarra, 129 brilarekin, Lasarten ere maila onean arituta. Aldiz, sailkapen nagusian bost postu galdu ditu Aner Miner ereñotzuarrak, bigarrenetik zazpigarrenera jaitsita. 38 brila bota zituen Lasarten, eta aurrekoak gertu dauzkan arren, Ibonek aitari Kopako garaipena lehiatzeko aukera galdu du.

Emakumezkoetan, zazpigarren postuan jarraitzen du Martxeli Kanflanka ereñotzuarrak, 72 brilarekin. Rosa Santos astigartarra ere aritu zen Lasarteko tiraldian, Kopa lehiatzen ari ez den arren; eta bosgarren izan zen, 23 brilarekin.

 

Toka Txapelketa bukatzeko, tiraldi bakarra falta

Gipuzkoako Toka Txapelketako tiraldia ere izan zen Lasarte-Orian, torneoko zazpigarrena; eta horretan ere, Ibon Miner izan zen bailarako abilena, 12 punturekin. Zortzigarren dago sailkapenean, 55 punturekin; eta bi postu gorago dago Leandro Miner, 68rekin seigarren. Martxeli Kanflanka, berriz, 17garren dago (36), eta bi­­garrena da emakumezkoen arte­an, Naiara Peñagarikanok baino puntu bat gutxiagorekin. Tiraldi bakarra falta da txapelketa bukatzeko: maiatzaren 7an Aian, bolako Gipuzkoako Kopa amaituko den egun berean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!