Hodei Lujanbio goizuetarra bigarren, Arantzako Mendi Lasterketan

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 25a, 00:00

Hodei Lujanbio (ezkerrean), podiumeko bigarren koxkan.

Segura-Zerain Mendi Lasterketan eta Aloñako Igoeran ere, aurreko postuetan izan ziren bailarakoak.

Beste asteburu batez, lasterketetan murgilduta ibili dira bailarako korrikalariak. Mendiko probetan aritu dira batzuk, Arantzan, Seguran; eta asfaltoan besteak, Irunen. 

Arantzako Mendi Lasterketan, podiumean izan zen Hodei Lujanbio goizuetarra, beste behin. Bigarren sailkatu zen, 20 kilometroko ibilbidea 1:44:57 denboran osatuta, Aimar Azpirozen atzetik (1:43:34). Bailarako beste zenbait korrikalari ere izan ziren bertan. Iker eta Ander Loyarte hernaniarrek, esaterako, elkarrekin osatu zuten proba, 2:29:00 denboran; eta Iñigo Uranga herrikidea helmugaratu zen berehala (2:34:45).

Segura-Zerain Mendi Lasterketan aritu ziren bailarako beste zazpi korrikalari, bi distantziatan. Ibilbide luzean, 24 kilometrokoan, 11garren sailkatu zen Xabat Pagola ereñotzuarra, 2:30:29 denborarekin; eta 14garren izan zen Unai Santamaria hernaniarra (2:32:40). Aitor Urretabizkaia hernaniarra, berriz, 33garren helmugaratu zen (2:49:45). 

Ibilbide motzean (14,5 kilometro) aritu ziren beste lau hernaniar, eta aurreneko 25en artean sailkatu ziren denak. Aitor Urruzola 15garren izan zen (1:17:23), Ivan Sorondo 18garren (1:20:05), Dennis Sorondo 23garren (1:22:34) eta Jon Murua 25garren (1:23:12).

Eta Aloñako Igoeran ere izan zen hernaniarrik, maila ederrean: 18garren izan zen Jon Ander Olazabal, 22,6 kilometroko ibilbide gogorra 2:20:22 denboran osatuta.

Irungo 5 kilometroko proban, bailarako hainbat korrikalari

Irunen, bestalde, 5 kilometroko asfaltoko proba jokatu da aste­buruan, eta bertan izan dira bailarako hainbat korrikalari. Bi multzotan banatu zituzten partehartzaileak: 20 minututik beherako marka zeukatenak batetik, eta gainerakoak bestetik. Aurreneko multzo horretan izan zen Antxon Korta astigartarra, eta 32garren sailkatu zen, 17:21 denborarekin. Bigarren multzo­an, berriz, elkarren segidan hel­mugaratu ziren Antxon Ezkurdia (23:32) eta Iñigo Morcillo (23:38) hernaniarrak, 43garren eta 44ga­rren; eta beste horrenbeste Ima Benito (30:23) eta Culito Guijas (30:24) astigartarrak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!