Golak eta garaipenak pilatzen jarraitzen dute Hernaniko neskek

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 25a, 00:00

Hernaniko jokalariak lehenengo gola ospatzen.

Leintz Arizmendiren aurka irabazi zuten. Mutiletan, irabazi egin zuen Mundarrok eta galdu Hernanik. 

Bolada bikainean jarraitzen dute Hernaniko Ohorezko Erregional mailako neskek. Nahieran menderatzen dituzte aurkariak, eta  67 punturekin bigarren postuan finkatuta dago taldea, Errealaren (75 puntu) atzetik eta Mariñoren (60 puntu) aurretik.

Leintz Arizmendi taldearen bisita jaso zuten larunbatean, eta 3-0 irabaztea lortu zuten berdeek; Cesia, Alku eta Navarro izan ziren arratsaldeko golegileak. Lau jardunaldi besterik ez zaizkie geratzen liga amaitzeko; etxean jasoko dute Antiguoko, eta kanpoan jokatuko dute Intxaurdiren, Touringen eta Lagun Onaken aurka. 

Oso bestelakoa da Ohorezko Erregional mailako mutilen egoera. Beti Gazteren aurka jokatu zuten igandean, eta 2-1 galdu zuten; Apezek sartu zuen Hernaniren gola. Jada hamar jardunaldi bete dituzte garaipenik lortu gabe, eta zailtzen ari zaie igoera postuetan amaitzea. Eibar (56 p.), Añorga (52 p.) eta Oiartzun (47 p.) dituzte aurretik, eta 45 punturekin laugarren postuan dago Hernani; beraz, 7 puntuko zuloa itxi behar dute azken bost jardunalditan helburua lortzeko. 

Urolaren bisita jasoko dute asteburu honetan, eta oso garrantzitsua izango da hernaniarrentzat garaipena lortzea, bolada txarrari amaiera emateko.

Gutxieneko errentarekin irabazi zuen Mundarrok

Lau jardunaldiren ondoren, garaipena lortu zuen Mundarroren Gorengo Mailako taldeak. Usurbilen bisita jaso zuten moreek, mailari eusteko partidu garrantzitsuan. Mundarro aurreratu zen markagailuan, eta trebe aritu ziren errenta txikiari etekina ateratzeko. Defentsa onari esker, hiru puntu gehitu zituzten moreek, eta sailkapenaren gune epelean finkatu dira. Allerruren aurka jokatuko dute asteburu honetan, etxetik kanpo.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!