Azken bi urtetako autobus zerbitzu publikoaren errepasoa, kexak eta iritziak

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 22a, 00:00

BU13a eta BU12 lineak ez dira Astigarragako erdigunean sartzen, eta herritarrek kexak elkarbanatu dituzte.

Ia bi urte dira autobus zerbitzu publiko berria martxan jarri zutenetik, eta horrek eragina izan du bailaran, batik bat Astigarragan. Hori horrela, Mugi Astigarraga Plataformarekin hitz egin du Kronikak: «nekatuta gaude, haserre eta autobusa hartzea bezalako eguneroko ekintza xumea zama bihurtu zaigu, zama astuna, lanera edota eskolara joateko». Eta astigartarren iritziaz gain, zenbait autobus gidariren usteak ere jaso ditugu: «hobekuntzak egon dira zerbitzuan eta gure lan baldintzetan».

2021eko uztailaren 1ean Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lurraldebusek Buruntzaldeko autobus zerbitzu publiko berria jarri zuten martxan. Horregatik, uztailaren 12an Erribera kulturgunean eratu zen Mugi Astigarraga, autobus zerbitzu publiko duinaren aldeko herri plataforma. Duela bi urte arte, Garayar eta Areizaga enpresek eman zuten autobus zerbitzua, eta 2021etik TBHk kudeatzen du: Transitia eta Alsa enpresek osatutako aldi baterako enpresa elkarte (ABEE) batek, hain zuzen ere. Kontzesio berri honek 18 linea erregular, iraunkor eta erabilera orokorrekoak ditu, hauetatik 14 egunekoak dira eta 4, berriz, gauekoak. 

Hori kontutan hartuz, bi urte hauetako errepasoa egin digute Astigarragako Mugi plataformako kideek, eragin zuzena izan baitu zerbitzu publiko berria jartzeak astigartarrentzat. Beraz, plataformakoek kexak eta eskaerak helarazi dizkiote Kronikari eta Hernaniko zenbait autobus gidarik ere bota dituzte haien iritziak. 

Mugi Plataformako kideek BU13 (aurreko A2) eta BU12 (aurreko A1) autobus zerbitzuen inguruan jardun dute, aipatuz, BU13aren maiztasuna hobetu dela aste barruan, baina ondorengoaz kexatu dira: «goizeko autobusek errefortzuak behar dituzte oraindik; eguneko azken orduak oso justuak dira eta asteburutako zerbitzuak murrizketak jasan ditu».  BU12 zerbitzuari dagokionez, diote maiztasuna izugarri murriztu dela: «BU13a hobetu dute baina BU12aren kaltetarako».

Mugi plataformako kide bat haserre agertu da, Astigarragan gaur egun duten garraio publikoaren zerbitzuarekin: «BU13 eta BU12 lineak dira gehien erabiltzen direnak Astigarragan, eta orain ordutegiak betetzen dituztela iruditzen zaigu. Hala ere, ordutegi hauek ez dira nahikoak Astigarraga bezalako herri batentzat, ia 8.000 biztanle baikara. Sinestezina iruditzen zaigu duela 40 urte baino kaxkarragoa izatea garraio publikoaren zerbitzua. Une honetan, Astigarragako biztanleria kopurua doblea da, eta esan bezala egun daukagun zerbitzua askoz ere okerragoa da, 5.000 biztanle  ginenean baino». 

Hala ere, azaldu dute badirela asko arduratzen dien beste zenbait gai: «autobus zerbitzuak bi linea ditu, BU12 eta BU13, bi linea horiek desberdinak dira gure ustetan, ibilbide desberdinak dituztenak eta erabiltzaile desberdinen beharrei erantzuten dietenak. BU12 linearen maiztasunak behera egin du nabarmen, eta ibilbideko geltokiak kendu egin dituzte, bai Astigarraga herri barrukoak, bai Txomin eta Erribera auzoetakoak ere»

Plataformako kide batek bere egoera zein den kontatu digu: «nire kasuan, sekulako faena daukat. Astigarragan bizi naiz baina ez barnealdean. Lehen autobus bat pasatzen zen erdialdetik, eta kontzesioa zela eta, kendu egin zuten. Orain ez da erdialdetik pasatzen; autobusak Donostia hiribidean egiten ditu geldialdiak zentrora sartu gabe.  Beraz, kanpoaldean bizi garenok 20 minutu lehenago atera behar dugu etxetik». 

Hortaz, gaineratu dute  BU12 lineak galera nabarmena izan duela maiztasunean eta geltokietan, BU13 linearen mesedetan, eta gainera, «bi zerbitzuen baturak murrizketa ekarri du». Alabaina, gogorarazi dute bi linea zerbitzu direla: «hori garbi izan dugu plataforman sorreratik bertatik, eta hala islatu nahi dugu gure eskaera guztietan». Hori guztia, ordutegi teorikoei dagokionez, izan ere, Mugi plataforma kexatu da, autobusek askotan egiten dutela kale: «ez dira pasatzen, edota berandu pasatzen dira».

Garai batean A3 linea pasatzen zen Astigarragatik eta hau kendu egin zuten: «jende mordoak erabiltzen zuen linea hau, unibertsitatera eta ospitalera joateko. Ez zen edonolako linea bat, bazuen bere garrantzia, eta erabiltzen zen. Kontzesioa egin zutenean kendu egin zuten eta orain astigartarrek ez daukagu  unibertsitateetara edota ospitalera zuzenean joateko aukerarik».

Mugi plataformako kideen ustez, Astigarragako herritarren kaltetarako izan da aldaketa: «Ez daukagu dudarik, dirua ematen duen linea BU13a dela, baina iruditzen zaigu zerbitzu publikoak ez diola diruari bakarrik begiratu behar. Gure ustez galtzen ateratzen gara Astigarragako herritarrak, eta ez dakit ikerketarik dagoen, baina esango genuke kaltetuenak direla emakumeak eta adineko pertsonak, autobusa gehien erabiltzen duten erabiltzaileak. Eta adierazi nahiko genuke, guzti hau ez datorrela bat Gipuzkoako Foru Aldundiak daraman politika orokorrarekin». 

«Nik Donostian egiten dut lan eta BU12 linea hartzen dut. Duela urte bete, astelehenetik ostiralera ordutegi bat zuen linea horrek, eta larunbatetan beste bat, askoz ere murritzagoa. Larunbatetan lanetik aterata, askotan ordubete itxaron behar izaten nuen autobusa hartzeko, eta askotan taxia hartu behar izan dut» aitortu du Mugi plataformako kide batek, atsekabetuta. Hala ere, ordutegi horiek moldatu zituzten, eta une honetan astelehenetik larunbatera ordutegi berdina du BU12ak: «orain hobeto moldatzen naiz, eta eskerrak». 

BU13aren maiztasuna 20 minututakoa da baina oraindik hau igotzeko beharra erakutsi dute astigartarrek: «20 minuturo dator autobusa. Kontzesio berriarekin 30 minuturo jarri zituzten eta erreklamazioak jarri ostean, 20 minuturo jarri zuten. Hala ere, iruditzen zaigu oraindik jaitsi egin beharko litzakeela, 10 minutura edo. Asteburuetan 30 minuturo da, eta denbora asko da hori». BU12a 30 minuturo da eta igandeetan, berriz, ordubetero: «igandean lana egiten baduzu eta autobusez bazoaz Donostiara, jai daukazu!».

Astigarragan, autobusa da garraio publiko bakarra, trenik ez dago: «Hernanin behintzat trena daukate, guk ez» nabarmendu du autobus zerbitzu publiko duinaren aldeko herriko plataformako kide batek. 

 

Eskakizunak irmo, Mugi plataformak

Mugi plataformak ondorengoak defendatuko ditu: BU12 eta BU13 lineak bi zerbitzu desberdin dira, funtzioa eta erabiltzaile desberdinak dituztenak; egungo ordutegi eta maiztasunak ez dira nahikoak; BU12 autobusaren ibilbidea eta geltokiak lehengoratu behar dira; bidaiari gehieneko orduetan errefortzuak edo autobus bikoitzak bermatu behar dira; eta Astigarraga Buruntzaldearekin eta Donostiarekin (ospitaleak eta unibertsitatea) lotzeko beste linea aukera batzuk aztertu eta epe laburrera ezartzea. 

Era berean, Mugi Plataformak eskaerak zerrendatu ditu: «Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamenduari irmo eskatzen diogu une honetan dugun zerbitzua osatzeko eta indartzeko (2 lineak, geltokiak, gaueko zerbitzua, ospitale eta unibertsitaterako zerbitzuak); departamentu horri gogorarazi nahi diogu Gipuzkoako mugikortasuna bere eskumenekoa dela eta berari dagokiola erantzukizuna eta ez enpresari; departamentu horri eskatu nahi diogu konpromiso sendoa hartzeko, Donostiako eta Astigarragako Udalarekin batera aztertuz, Astigartarrentzat onenak izan daitezkeen aukerak; eta hori guztia lehenbailehen egiteko, gauzak bere kasa hobetuko direla espero gabe. Izan ere, nekatuta gaude, haserre eta autobusa hartzea bezalako eguneroko ekintza xumea zama bihurtu zaigu, zama astuna, lanera edota eskolara joateko».

Eskaerak borobiltzeko, honakoa gehitu du Mugik: «autobus zerbitzu publiko duina nahi dugu!».

 

Aldarrikapenei jarraipena

Mugi Plataformak aitortu du zerbitzua zerbait hobetu bada ere, urrun dagoela plataformaren aldarrikapenetatik, eta horretarako, diote lanean jarraituko dutela: «aurrera egin behar dugu, tartea egin behar diegu aldarrikapen horiei, eta lanean jarraitu behar dugu. Horretarako herritarren laguntza ezinbestekoa da, beraz, etorriko diren ekintzetan parte hartzeko deia egin nahi diegu, guztion artean errazagoa delako!».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!