Goizueta eta Hernani artean «poligono eoliko bat jartzeko asmoa» dagoela salatu dute

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 20a, 00:00

Sustrai Erakuntza Fundazioak egin du salaketa.

Sustrai Erakuntza fundazioak salatu du asmoa, eta gehitu dute tramitazioak Madrildik egiten ari direla, «erkidego desberdinei eragiten dielako».

Sustrai Erakuntza Fundazio ekologistak adierazi duenez, «tamaina haundiko poligono eoliko bat jartzeko asmoa» dago Goizueta, Arano eta Hernani artean. Fundaziotik azaldu dute, izenik zehaztu gabe, «enpresa baten mugimenduak» ezagutu dituztela, eta proiektuaren dimentsioengatik «Nafarroako zein Gipuzkoako eremuei» eragingo diela: «Horregatik ari dira tramitazioak Madrildik egiten». 

Sustrai Erakuntzatik gogor salatu dute hedapen berriztagarri hau; diotenez, «ez du zerikusirik gizarte premiei erantzuteko beharrezkoa den plangintza demokratikoarekin, eta energia berriztagarrien eredu pribatua eta antidemokratikoa inposatzeko saiakera berria da». 

Nabarmendu dute energia fosilaren kontsumoa aurrezteko eta murrizteko neurriekin batera, faktore gehiago hartu behar direla kontuan: «Nola antolatu eguneroko joan etorriak, nola arindu eta ordezkatu nekazaritzako eta abeltzaintzako industria eredua, nola hartu enplegua eta erreprodukzio lanak banatzeko neurri erradikalak... Eta hori guztia biodibertsitatearen eta gure ekosistemen zaintza eta babesa integratuz».

Gobernuarekin kritiko agertu da Sustrai Erakuntza

Sustrai Erakuntzako kideek Nafarroako Gobernua kritikatu dute argitaratutako oharrean: «Nafarroako Gobernuaren miopia energetiko eta klimatikoak, isiltasun eta eztabaida politikoaren ezak lagunduta, multinazional energetikoak elikatzen ditu, gehiengo sozialaren interesen eta lurraldearen sostenigarritasunaren aurka». 

Bide horretatik, oharrean salatu duten «tamaina haundiko poligono eolikoaren» aurka lanean jarraitzeko deia egin dute: «Etekinaren bilaketa eroa, baliabideen kontrolaren aldeko gerra ekonomikoak, behar energetikoak planifikatu, kudeatu eta kontrolatzeko herri subiranotasuna ukatzea, botere oligopolioa mantentzea, tokiko nekazaritza eta abeltzaintza jarduera suntsitzea, biodibertsitatea galgarik gabe galtzea... Horren aurrean lanean jarraitzea besterik ez zaigu geratzen».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!