Hernanin estreinatuko dute 'Erreka ondoan bi gezur' dantza emanaldia, bihar arratsaldean

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 19a, 00:00

Nerea Gurrutxaga eta Oihane Vesga dantzariak izango dira bihar Biterin.

Biterin eskainiko dute aurrenekoz, 19:30etan hasita, Nerea Gurrutxaga eta Oihana Vesga dantzariek. Sarrerak salgai daude oraindik.

Hernaniko Biteri kultur etxea izango da eszenatoki, bihar arratsaldean, Nerea Gurrutxaga eta Oihana Vesga dantzarien lan berrirako: Erreka ondoan bi gezur emanaldia eskainiko dute estreinakoz, arratsaldeko 19:30etan, Mari Zaunka Kolektiboko kideek. Sarrerak salgai daude oraindik, 8 euroan, kultura.hernani.eus webgunean eta Biterin bertan.

Dantza garaikidea oinarri duen obra eszenikoa da Erreka ondoan bi gezur, 50 minutu ingurukoa. Fikzioa eta gezurra uztartzen ditu kondairen unibertsoan barneratuta; eta kondaira da sormen prozesuaren abianpuntu eta kokaleku. Kondaira propio bat sortu nahi izan dute, fikziozko elementuez gain gizarteko errealitate zuzenetik hartutako elementuak txertatuz. Horrela, egungo narratibak eta egiak kutsatu eta transformatuko dira kondairaren fantasiazko istorioarekin.
 

'Generorantz' ikuskizuna, larunbatean Erriberan

Astigarragan ere izango da dantza ikuskizunik aste honetan. Izan ere, Generorantz emanaldia eskainiko du Kimuak dantza ko­lektiboak, larunbat honetan, 20:00etan Erribera kulturgune­an. Ge­nero-ikus­pegiaren ingu­ru­­ko lanketa origi­nala eta berri­tzailea egin nahi izan dute, dan­tza, gorputz mugi­mendua, interpretazioa, testuak, errezitaldiak eta bertsoak uztartuta.

Euskal dantza tradizionalak izango dira oinarri emanaldian, baina beste dantza diziplinekin lagundu dituzte (garaikidea edota klasikoa, esaterako), koreografiari ukitu berezia emateko.

Sarrerak eskuragarri daude astigarraga.eus webguneko Sa­­rre­rak erosi atalean edota Erri­be­ran bertan: helduenak 10 euroan, eta adin txikikoenak 5 euroan. Egunean bertan, ordubete lehenago ere izango da aukera, Erriberako lehiatilan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!