Herri batzarra eginen du Goizuetako EH Bilduk gaur, hauteskundeei begira

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 19a, 00:00

Unai Miranda izanen da Goizuetako EH Bilduren alkategaia, aurten ere.

Udaletxeko ganbaran izanen da, 19:00etan. Hernaniko EH Bilduk zerrenda aurkeztuko du bihar, Plaza Berrin.

Maiatzaren 27an izanen dira Udal Hauteskundeak, eta horiei begira, bi hitzordu jarri ditu EH Bilduk Urumea bailaran, aste honetarako. Gaur bertan izanen da aurrenekoa, Goizuetan: herri batzarra eginen du Goizuetako EH Bilduk. Arratsaldeko 19:00etan jarri dute hitzordua, udaletxeko ganbaran; eta Udal Hauteskundeak izanen dira gai bakarra.

Unai Miranda Berroeta izanen da EH Bilduren alkategaia, aurten ere, Goizuetako Udal Hauteskundeetan. 2019an izan zen zerrendaburu aurreneko aldiz, eta bera izan da alkate azkeneko lau urteotan. Aspaldi iragarri zuen Goizuetako EH Bilduk, abenduan, Miranda bera izanen dela alkategai berriro, baina aurkeztuko duen zerrenda osoa ez du aditzera eman oraindik. Datozen egunetan jakinaraziko dute.

Hernaniko EH Bilduren zerrendaren aurkezpena, bihar arratsaldean

Hain justu, horretarako jarri du hitzordua Hernaniko EH Bilduk, bihar arratsalderako: Udal Hauteskundeetarako zerrenda osoaren aurkezpen ekitaldia egingo du Plaza Berrin, 18:30etan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!