'Ta argiya iñ zan' lana aurkeztuko dute gaur Eli Pagolak eta Ainhoa Gutiérrezek, Biterin

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 19a, 00:00

Ainhoa Gutiérrez eta Eli Pagola, bisitatu duten zentral hidroelektriko batean. Argazkia: Dani Blanco / Argia CC BY-SA

Solasaldi eta proiekzio batekin aurkeztuko dute garatu duten arte ekintza, 19:00etan. Erakusketa ikusgai egongo da apirilaren 28ra arte.

Gaur estreinatuko dute Ta argiya iñ zan lana, Biterin, Eli Pagola Apezetxea ereñotzuarrak eta Ainhoa Gutiérrez del Pozo donostiarrak. Ereñotzun bizi dira biak, eta Urumea bailarako zentral hidroelektrikoen inguruko gogoeta egin dute, ikerketa eta zinea uztartuz. Hernaniko Udalaren sorkuntza beka baliatu dute horretarako, joan den urtean jaso zutena, dirulaguntzaren zazpigarren deialdian.

Arratsaldeko 19:00etan aurkeztuko dute, garatu duten arte ekintza. Solasaldi bat egingo dute horretarako, bi egileekin; eta proiektatuko dituzte ikerketan zehar egindako filmaketekin osatutako piezak. Ikusentzunezko gogoeta landu dute horrela.

Behin aurkezpena eginda, ikerketari buruzko erakusketa ikusgai egongo da Biterin bertan, apirilaren 28ra arte.

Ikerketa burutzeko, Urumea bailarako zentral hidroelektrikoak bisitatu dituzte Pagolak eta Gutiérrezek, Hernaniko paper-fabrikakotik hasi eta Leitzako lurretan dauden horietaraino. Ikusi dute zein dauden martxan eta zein utzita, eta kalkulatu dute zenbat argindar sortu ahal izango luketen denen artean. Horren harira, aztertu dute, era berean, zein eragin daukaten zentral hidroelektrikoen presek ibaian, nolako mugak ezartzen dizkien arrainei, zein kalte sortzen dituen bioaniztasunean... Eta zentraletan eta presetan izan diren aldaketak ere filmatu dituzte, lanketa honetan: udan bainurako leku dira presak, zentral hidroelektriko batzuetan jendea bizi da, beste erabilera batzuk ere eman zaizkie...

Bildu duten guztia ezagutzeko aukera izango da gaurko proiekzio-solasaldian, eta hilaren bukaerara arte erakusketan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!