Zabalik dago XIV. Gaztezulo Bideo Lehiaketara lanak aurkezteko epea

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 16a, 00:00

1.200 euroko saria jasoko du bideo onenak.

Maiatzaren 26a izango da lanak aurkezteko azken eguna, eta irabazleak 1.200 euroko saria jasoko du.

Martxan dago XIV. Gaztezulo Bideo Lehiaketa. Ostiralean zabaldu zuten lanak eta proiektuak bidaltzeko epea, eta maiatzaren 26an itxiko dute. Grabazioen gaia guztiz librea da, bakoitzaren imaginazioaren esku; eta aurkezten diren lanak, aurten grabatuak, originalak eta argitaratu gabeak izateaz gain, gutxienez minutu bateko eta gehienez hiruko iraupena izan behar dute. 

Lehiaketa honetan 16 urtetik gorako gazteek hartu dezakete parte. Bideoan 16 urte baino gutxiago dituen norbait azalduko balitz, beharrezkoa izango da gurasoen baimena izatea. 

Bideoak, iraupenaz gain, zenbait baldintza bete behar ditu onartua izateko: ezinbestean Gaztezulo aldizkaria, paperezko nahiz webguneko formatuan, film guztietan agertu behar da, istorioaren elementu garrantzitsu gisa edo zeharka; bideoak hizkuntzarekin lotutako edukiak baditu (ahotsa, musika, kartelak...) euskeraz izan behar dute; eta lan guztiak maiatzaren 26ko 12:00ak baino lehen bidali behar dira. 

Parte hartu nahi dutenek hiru pausu bete behar dituzte. Gaztezulo.eus webguneko 'Bideo Lehiaketa' atalean dagoen formularioa bete behar dute lehenik, taldearen izena, taldekideen izen-abizenak eta kontaktua helarazteko; ondoren tori.eus edo wetransfer.com bidez bidali behar dituzte bideoak, .mov edo .mp4 formatuan; eta, azkenik, ikusleen botoak eta iruzkinak jaso ahal izango dituzte ekainaren 2ra arte, webgunearen bidez. 

Ekainean emango dute irabazleen berri

Lehiaketaren amaiera ekainean izango da, sari banaketarekin. Horretarako, hiru adituk osatutako epaimahaiak baloratuko ditu proiektu guztiak; kalitate teknikoa, originaltasuna eta sormena kontuan hartuta. Epaileak izango dira Alex Aginagalde, Pantailak Euskaraz ekimeneko kidea, @elemelonsv TikTokerra, eta Iruñe Astiz, kazetaria eta eduki sortzailea. 

Bideo onenaren egileak 1.200 euroko saria jasoko du, eta bigarren sailkatuarentzat 300 euroko saria egongo da. Ikusleen saria boto gehien biltzen dituen lanak jasoko du, eta Gaztezulo materialez osatutako saski bat eramango du etxera. 

Sari banaketa ekitaldia ekainean egingo dute, Gaztezuloren twitch kanalaren bidez; bertan, zuzeneko konexioak eta elkarrizketak egingo dituzte saritutako pertsonekin, eta epaimahaiko kideek azalpenak emango dituzte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!