Lurraren Askapen Fronteak milaka eukalipto bota ditu Kartola inguruan

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 15a, 00:00

Hernani eta Arano artean egin da eukalipto suntsiketa.

Landaketa industrial batean izan da ekintza. Jabe haundi baten landaketa erraldoi batean.

Ohar honen bitartez, Lurraren Askapen Fronteak adierazi nahi du hilabete honetan lurraren aldeko ekintza zuzena egin duela Euskal Herrian. Hain zuzen ere, Gipuzkoa eta Nafarroa arteko mugan, «Hernani eta Arano artean kokatutako landaketa industrial batean izan da ekintza. Jabe haundi baten landaketa erraldoi batean, 3.000 eukalipto arboletik gora eraitsiak izan dira, bertako basoaren alde egiteko».

«Eukalipto landaketen problematika oso ezaguna da, Euskal Herri atlantikoan bereziki. Monolaborantzan erabiltzen da espezie hau, lurretik ahal beste etekin ekonomiko ateratzeko, intsignis pinua aurrez erabili den bezala. Landaketa hauek aurrez dagoen guztia txikituz egiten dira (lurra eta izaki bizidunak). Lurraren higadura, bio­aniztasun galera eta mendiak industrializatzea dakarte. Ekintza egin den bailaran (ere) argi ikus daiteke hau, bertaratze hutsarekin».

«Badakigu asmo txikitzaile eta kapitalista hauen aurrean talde ugari altxa direla Euskal Herrian. Basoen aniztasuna, bizitza eta iraunkortasunaren alde, lurra landu eta zaintzen duten talde guzti horiei begirunea eta esker ona adierazi nahi diegu. Ekimen honen asmoa ez da inorren ekarpena ordezkatu edo gutxiestea. Gauzak horrela, lan sortzaile guzti horri suntsipen ekintza bat gehitu zaio oraingoan».

«Ekintza honekin, etekinei bakarrik begiratzen dionari galerekin erantzun zaio. Txikitutako lur batean, bestelako espezieek aurrera egin dezaten eukaliptoak kimatu dira. Ekintza zuzena baliatu eta halako ekimenak egin eta nahi izan ezkero, mundu mailako deialdiarekin bat, Lurraren Askapen Fronte gisa sinatzera gonbidatu nahi zaituztegu».

«Lurrarekin elkartasunez, ekintza zuzena».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!