Martxan da errenta aitorpenaren kanpaina, eta datorren astetik egin daiteke aurrez aurre

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 15a, 00:00
Errenta aitorpena presentzialki egiteko aukera izango da aurten ere Hernanin, Latsunbeberri auzoko bulegoan.

Aste honetan zabaldu dute aitorpena internet bidez egiteko epea, eta datozen egunetan abiatuko da kanpaina presentziala bulegoetan: astelehenean Gipuzkoan eta asteartean Nafarroan. Dagoeneko eskatu daiteke hitzordua.

Hasi da 2022ko errenta aitorpenaren kanpaina, Gipuzkoan eta Nafarroan. Bi lurraldeetan, aste honetan zabaldu dute aitorpena telematikoki egiteko epea, internet bidezko plataformak erabilita; eta datorren astetik aurrera izango da bulegoetan aurrez aurre egiteko aukera. Ekainaren 23ra arte luzatuko da kanpaina Nafarroan, eta ekainaren 30era arte izango da aukera Gipuzkoan.

Aurreko urteetan bezala, aitorpen proposamen ugari prestatu dituzte Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Nafarroako Gobernuak, dauzkaten datuekin. Internet bidez kontsultatu dezake norberak, proposamenik prestatu ote dioten: gipuzkoa.eus/ogasuna/errenta webgunean gipuzkoarrek, eta errenta.na­fa­rroa.eus atarian nafarrek. Horietako batzuk postaz bidali dituzte: 250.000 baino gehiago Gipuzkoan, eta 65 urtetik gorako guztiei Nafarroan (proposamena prestatu badiete). Proposamena zuzena izanez gero, Nafarroako kasuan ez da ezer egin behar; eta Gipuzkoan, onartu egin behar da, webgunean bertan edo 943 11 30 00 telefonora deituta.

Ados egon ezean, berriz, beste modalitate batean egin beharko dugu errenta aitorpena.

 

Internet bidez egiteko epea, dagoeneko zabalik

Errenta aitorpena internet bidez egin nahi duenak, dagoeneko badauka horretarako aukera, au­rrez aipatutako webguneetan. Gipuzkoan, joan den aste­azkenean hasi zen interneteko modalitatearen epea. Gainera, atzotik eskuratu daiteke norberaren zerga informazioa, Gipuzkoataria egoitza elektronikoan; postaz bidaltzea ere eskatu daiteke. Errenta aitorpenari eskainitako webgunean egin behar da hori ere (gipuzkoa.eus/ogasuna/errenta). Atari horretan bertan, laguntza programa ere bideratu du Aldundiak, aitorpena internet bidez egiteko beharrezko argibide eta jarraibide guztiekin.

Nafarroan ere, asteazkenean zabaldu zuten aitorpena internet bidez egiteko epea, errenta.nafarroa.eus atarian. Bertan eskuratu ahal izango ditugu aitorpena osatzeko dautak, eta laguntza programa ere deskargatuko dugu webgunean, internet bidezko aitorpena egin eta aurkezteko. Edozein argibide ere, errenta aitorpenari eskainitako atarian topatuko dugu.

Batean zein bestean, egiaztagiri digitalen bat beharko dugu, errenta aitorpena internet bidez egiteko: Gipuzkoan, BAK, B@kQ edo ziurtagiri elektronikoa; eta Nafarroan, Cl@ve, ziurtagiri digitala edo PINa. Horietakoren bat izan ezean, aurrez aipatutako webguneetan topatuko ditugu jarraibideak, eskuratu ahal izateko.

 

Errenta aitorpena aurrez aurre egiteko, hitzordua

Internet bidez beharrean, errenta aitorpena presentzialki aurkeztu nahi dutenek, datorren astetik aurrera izango dute horretarako aukera. Gipuzkoan, astelehenetik aurrera zabalduko dituzte bulegoak, aitorpena egiten laguntzeko. Horretarako, hitzordua eskatu beharko da aldez aurretik, gipuzkoa.eus/ogasuna/errenta webgunean edota 943 11 30 00 telefonoan. Dagoeneko eskatu daiteke zita, ekainaren 8ra arte. Ohi bezala, Hernanin izango da bulegoetako bat, Latsunbeberri auzoko 8 eta 9 atarietan. Astelehenetik larunbatera egongo da zabalik, goizeko 08:00etatik 14:00etara. Donostian, berriz, hiru bulego izango dira, honako helbideetan: Errotaburu pasealekua 2, Sekundino Esnaola 10-12, eta Antxo Jakituna 9.

Errenta aitorpena bulegoan egiteko, eraman beharko dira sarrera, gastu, murrizpen, kenkari eta abarren egiaztagiriak, eta kontu korronteko IBAN kodea, aitorpenetik ateratako ordainketa edo kobraketa helbideratzeko.

Nafarroako kasuan, asteartean hasiko da epea, errenta aitorpena bulegoan egiteko ez ezik, baita telefonoz egiteko ere. Aranotik eta Goizuetatik gertuen, izango dira Doneztebekoa (Santa Lucia 6) eta Iruñekoa (Eskiroz 16). Gainerakoak, Tuteran, Lizarran eta Tafallan zabalduko dituzte. Aitorpena presentzialki egiteko, dagoeneko eskatu daiteke hitzordua, atzotik, errenta.nafarroa.eus webgunean edota honako telefono zenbakietan: 948 50 55 05 eta 948 50 55 06 (astelehenetik ostegunera 08:00-17:30, eta ostiraletan 08:00-15:00).

Presentzialki beharrean, telefonoz egiteko aukera eskaini du Nafarroako Gobernuak aurten ere. Horretarako, dagoeneko eskatu daiteke hitzordua, internet bidez, errenta.nafarroa.eus webgunean edo aurrez aipatutako telefonoetan (948 50 55 05 eta 948 50 55 06); eta aukeratutako egunean eta orduan, Ogasunak deituko digu 948 10 61 06 telefonotik, errenta aitorpena egin ahal izateko.

Hain justu, azkeneko telefono horretara (948 10 61 06) deitu dezakegu, zerga arloko kontsultak eta errenta tramiteak egiteko. Eta beste telefono zenbaki bat ere jarri du Nafarroako Ogasunak, herritarren eskura: errenta aitorpena internet bidez egitean arazo informatikoak izanez gero, 948 01 35 55 telefonora deitu dezakegu, edo soportec@navarra.es helbide elektronikora idatzi.

 

Doberako bazkideek eta Kronikakideek %30eko kenkaria, errenta aitorpenean

Errenta aitorpena egitean, Dobera Euskara Elkarteko bazkide edota Kronikakide direnek kenkaria izango dute Gipuzkoako Ogasunean, lehentasunezko jarduera izanik. Hori horrela, bazkidetza kuotaren %30a bueltatuko diete, aitorpena egitean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!