Tasio Semperena eta Aimar Capdequi podiumean, pistako Espainiakoan

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 12a, 00:00

Tasio Semperena (eskuinean), abiadura probaren podiumean, Galapagarren.

Semperenak bi probatan lortu du hirugarren postua, eta brontzezko beste domina bat kolkoratu du Capdequik.

Joan den asteburuan jokatu dira, Madrilgo Galapagarreko belodromoan, pistako Espainiako Txapelketak, kadete eta junior kategorietan. Eta bertan aritu dira, maila ederrean, Tasio Semperena eta Aimar Capdequi astigartarrak. Biek lortu dute podiumera igotzea, gainera.

Bi probatan sailkatu da hirugarren Semperena, juniorretan: bakarkako abiadura proban, Hugo Sánchez andaluziarraren eta Sandro Abadia nafarraren atzetik; eta taldekako abiadura proban, Beñat Ilzarberekin eta Urko Vidalekin hirukotea osatuta, Madrilen eta Kataluniaren atzetik. Beste bost probatan ere aritu da astigartarra bakarka, eta gertu izan ditu dominak: keirinean laugarren, puntuazioan seigarren, scratchean zazpigarren, kilometro bateko erlojupekoan zortzigarren, eta eliminazioan 10garren.

Capdequik, berriz, proba bakarra lehiatu du, taldekako ja­zarpen proba. Eñaut Urkaregi, Joan Cardona eta Unai Moran izan ditu taldekide, eta hirugarren postua eskuratu du laukoteak, Valentziaren eta Murtziaren atzetik.

 

Xabier Mikel Azparren 11garren, Loirako Itzulian

Errepideko probei dagokienez, profesionaletan, Loirako Itzulian aritu dira Xabier Mikel eta Ene­­koitz Azparren astigartarrak. Pro­tagonista izan da Xabier Mikel, lau etapako itzulian: 11garren bu­katu du sailkapen nagusian, eta mendiko sailkapena irabaztetik oso gertu izan da. Mendiko sailkapeneko lider izan zen egun batez, bigarren etapan ihesaldi luzea egin eta puntu asko pilatuta. Puntu bakarreko aldearekin irabazi zion Leo Danesek, azkenean.

Eta errepidean, baina kadete mailan, bi lasterketa osatu dituzte Unax Otegi hernaniarrak eta Unai Hernandez astigartarrak. Larunbatean, Altsasun, 10garren izan zen Otegi, aurreneko multzotik oso gertu; eta 67garren Hernandez. Igandean, Agurain­en, tro­pel nagusian helmugaratu zi­ren biak eta Beñat Auzmendi astigartarra, baina garaipenerako sprinta lehiatu gabe.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!