Binakako txapelketa atzean utzita, lehiaketara itzuliko dira Urumea bailarako pelotariak. Atzo aurkeztu zuten Bilbon promozio mailako buruz buruko txapelketa, eta bertan izan ziren Hodei Exposito astigartarra eta Iker Salaberria goizuetarra.
Zuzenean final laurdenetako ligaxkan abiatuko da Salaberria. Neurri egokia da goizuetarrarentzat, iazko txapelketan finalera iristea lortu zuen, eta faboritoen artean dago aurten ere. Gehixeago izerditu behar izan du Expositok ligaxkan tokia izateko. Sailkapen partidua jokatu zuen astelehenean, Tolosako Beotibar pelotalekuan, Arkaitz Eskuzaren kontra. Partidua hasi aurretik adierazi zuen ondo moldatzen dela buruz burukoan, eta hitzak ekintzekin berretsi zituen, atzelari arabarrari 22-14 irabazita.
Lanak ondo eginda, bi ordezkari izango ditu Urumea bailarak promozioko buruz burukoan. A taldean jokatuko du Expositok, Bakaikoa, Zubizarreta eta Egigurenekin; Salaberriak, aldiz, B taldean ekingo dio txapelketari, Larrazabal, Zabala eta Agirrerekin.
Biek jokatuko dute ligaxkako lehen partidua igande honetan, Eibarko Astelena pelotalekuan antolatutako festibalean, 17:00etan hasita. Bertan, enpresen arteko partiduak ikusi ahal izango dira; Egigurenen aurka jokatuko du Expositok, eta Zabalaren aurka Salaberriak. Gainontzeko partiduei dagokienez, larunbatean Labriten jokatuko dute Bakaikoak eta Zubizarretak, eta astelehenean Zumaian Larrazabalek eta Agirrek. Bigarren jardunaldian irabazleek irabazleen aurka jokatuko dute, eta galtzaileek galtzaileen kontra.
A TALDEA Hodei Exposito B TALDEA Iker Salaberria LARUNBATEAN, Labriten Bakaikoa-Zubizarreta IGANDEAN, Eibarren Exposito-Egiguren ASTELEHENEAN, Zumaian |