Hiru lokal irekiko ditu Aldundiak sexu indarkeriaren biktimentzako

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 10a, 00:00

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak onartu berri du hiru lokal erostea. Lokal horiek sexu-indarkeriaren biktimentzako 24 orduko arreta osoko zentro gisa erabiltzeko izango dira, eta gehienezko 1.167.650 euroko gastua baimentzea aurreikusi da. Eider Mendoza foru erakundeko bozeramaileak adierazi duenez, Europako Funtsen bidez finantzatuko da gastu hau, eta lokal nagusia Donostian kokatuko da, beste bat Goierrin, eta hirugarrengo bat Debagoienan.

 

Hiru zentro hauek abenduaren 31 baino lehen jarri behar dira abian

Krisi-zentro hauek laguntza zerbitzua eskainiko diete biktimei, eta informazioa eskainiko diete telefono bidez, telematikoki eta aurrez aurre, eguneko hogeita lau orduetan, urteko egun guztietan. «Etengabeko arretako eta premiazko jarduketako irizpideak betez, zentroek laguntza psikologikoa, juridikoa eta soziala emango diete biktimei, senideei eta haien inguruko pertsonei. Zentro hauek abenduaren 31 baino lehen jarri behar dira abian, eta gaur aurrerapausu garrantzitsua eman dugu», nabaremndu du Mendozak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!