Urumeako biztanleen %10 dira atzerritik etorritakoak, eta ia seikoiztu egin da kopurua 20 urtetan

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 5a, 09:00

INEren datuen arabera, 2.844 lagun ziren atzerritik etorritakoak, eta 28.597 bizilagun ziren Urumea bailaran. 2002an 491 ziren atzerritik etorriak, eta ordutik nabarmen egin du gora, bereziki Astigarragan eta Hernanin. 

Urumea bailarako biztanleen %10 dira, ia zehatz-mehatz, atzerritik etorritakoak. Hala diote INEren (Instituto Nacional de Estadistica) 2021eko datuek: 2.844 bizilagun ziren atzerritarrak, eta 28.597 bailarako biztanleak.

Euskal Herri osoko datuak bildu eta landu dituzte TOKIKOMek eta EITBk, eta bailarakoak jaso eta grafiko interaktiboetara ekarri ditu Kronikak. Horietan ikus daiteke 20 urtetan (2002tik 2021era) atzerritarren kopuruak izan duen bilakaera, jatorriaren arabera. Kasu batzuetan ez dira nazionalitate zehatzak ageri, ezin izan direlako identifikatu; eta beraz, 'Besteak' bezala daude multzokatuta, kontinenteka. 'Amerika besteak' izeneko multzoan, esaterako, Hondurastik eta Nikaraguatik etorritakoak dira gehienak, baina ezin izan dira bakoitzeko kopuru zehatzak identifikatu. Hain justu, 'Amerika besteak' osatzen duten herrialdeetatik etorritakoak dira atzerritarren gehiengoa Urumea bailaran orokorrean, eta Hernanin bereziki.

Mendearen aurreneko urteetan, Portugaldik eta Ekuadorretik etorritakoak ziren atzerritar gehienak, nabarmen; eta horiek gorakada izan duten arren, bereziki igo da Marokotik, Errumaniatik eta Amerikako beste herrialde horietatik etorritakoen kopurua.

Ondorengo grafikoan ikus daiteke, herrialde bakoitzeko bizilagunen bilakaera Urumea bailaran, eta izandako hazkundea edo beherakada.

Eta azpiko honetan, berriz, kontinente bakoitzeko, sexuaren arabera daude bereizita atzerritik etorritako bizilagunak. Hernanikoak eta Astigarragakoak daude multzo batean, eta Aranokoak eta Goizuetakoak bestean, multzokatuta. Menu desplegablean aldatu daiteke batetik bestera.

Bi datu dira esanguratsuak. Batetik, Amerikatik etorritako biztanleen gehiengo zabala direla emakumeak. Eta bestetik, alderantziz, Afrikatik etorritako gehienak direla gizonezkoak, alde nabarmenarekin hori ere.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!