Immigrazioa aztergai, Saretzen proiektuaren bigarren atalean

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 4a, 10:00

EITBk eta TOKIKOM tokiko komunikabideen sareak datu kazetaritza jorratu dute beste behin Saretzen proiektuaren baitan. Bihar argitaratuko ditugu 'kronika.eus' webgunean grafiko interaktiboak, horiei buruzko irakurketak eta Xabier Aierdi soziologoari elkarrizketa.

Hego Euskal Herriko immigrazioa izango du aztergai Saretzen proiektuaren bigarren atalak. 2002tik 2021era atzerritik etorritako lagunen jatorria, urte horietan izandako hazkundea eta helmuga aztertu dituzte EITBk eta TOKIKOMek elkarlanean, baita atzerritar jatorriko lagunek gure ekonomian duten eragina ere.

Espainiako Estatistika Institutuak (INE) argitaratutako datuak erabili dira lan hau egiteko, eta horiek aztertzeaz gain, immigranteen istorioak eta bizipenak ere jaso dira hainbat formatutan.

Urumea bailarako herrietako datuekin, grafiko interaktiboak osatu ditu Kronikak, eta bihar argitaratuko ditu horiek, datuen irakurketekin eta Xabier Aierdi Urraza soziologoaren elkarrizketarekin batera.

Datu kazetaritza, elkarrekin eta elkarlanean

EITBk eta TOKIKOM tokiko komunikabideen sareak 2022an jarri zuten abian Saretzen proiektua, elkarrekin datu kazetaritza jorratu eta datuok modu bateratuan kudeatu eta ustiatzeko.

Lehen argitalpenean, 2001-2021 bitarteko Hego Euskal Herriko demografia datuak landu zituzten EITBko eta TOKIKOMeko hedabideek, nork bere esparrura, ezaugarrietara eta eremura egokituta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!