Bailarako korrikalariak primeran Mendaron, Euskadiko Txapelketan

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 4a, 00:00

Ander Amonarriz (47 dortsala), Kilimon Trail lasterketan. Argazkia: 'Festak.com'

Maila haundiko proban, aurreneko 50etan izan ziren Ander Amonarriz, Hodei Lujanbio, Jon Ander Olazabal eta Xabat Pagola.

Mendi lasterketen Euskadiko Txapelketa jokatu zuten larunbatean, Mendaron, Kilimon Trail lasterketan. 23 kilometroko distantziarekin, sekulako maila izan zuen probak, eta bertan izan ziren bailarako hainbat korrikalari. Primeran aritu ziren, gainera.

Ander Amonarriz hernaniarra izan zen haien artean aurrenekoa, 27garren, 2:09:58 denborarekin. Segidan helmugaratu zen Hodei Lujanbio goizuetarra, 29garren (2:10:09). Eta oso gertu bailarako beste bi: Jon Ander Olazabal hernaniarra 39garren (2:13:04) eta Xabat Pagola ereñotzuarra 49garren (2:18:36). Aurreneko 100etan sartu zen bailarako bosgarren ordezkaria ere, Ivan Sorondo hernaniarra, 99garren (2:38:45).

23 kilometrokoaz gain, lasterketa laburragoa ere izan zen Mendaron, 11 kilometrokoa; eta Xabat Alonso hernaniarrak hartu zuen parte. Aurreneko postuetan iritsi zen helmugara, gainera: 13garren izan zen, 57:59 denborarekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!