Gipuzkoako Txapelketa irabazi dute Ekhi Osesek eta Oier Arsuagak

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 4a, 00:00

Oier Arsuaga eta Ekhi Oses, Gipuzkoako Txapelketa irabazi berritan.

Infantilen 1go mailako finala irabazi zuten. Aurreneko txapela da maila horretan, CD Hernaniren historian.

Gazitik eta gozotik izan du asteburuak, Urumea bailarako esku pelotarientzat. Baina bereziki pozgarria izan da emaitza onetako bat: Gipuzkoako Txapelketa irabazi dute Ekhi Oses eta Oier Arsuaga hernaniarrek, infantilen lehenengo mailan. Haiei esker, maila horretan aurrenekoz lortu du txapela CD Hernanik, Gipuzkoakoan.

Azkoitiko Etxaniz eta Segurola menderatu zituzten hernaniarrek, final haundian (18-14). Oso gogorra eta berdindua izan zen partidua, eta maila ederrean aritu ziren lau pelotariak.

Jon Jara eta Iñigo Labaka senior hernaniarrek, bere aldetik, mailari eustea lortu dute, jokatu gabe. Izan ere, lesioak tarteko, ez ziren aurkeztu Alde Zaharra klubeko kontrarioak.

Hernaniko beste bi bikotek, ordea, galdu egin zituzten asteburuan jokatutako finalak. Gipuzkoako Txapelketan, infantilen bigarren mailan, finalaren presioa nabaritu zuten Aratz Labakak eta Lier Zugastik, eta ez ziren bere maila onenean aritu. Hori horrela, 6-18 galdu zuten Intxurreko Garaikoetxearen eta Leoren kontra. Xuban Iturbe eta Oier Azpeitia jubenilek, berriz, oso gaizki ekin zioten Udaberri Torneoko finalari, Lapkeko Kerejetaren eta Erauskinen kontra (0-10). Bere mailan aritu ziren gero, baina ezinezkoa izan zitzaien markagailuari buelta ematea, eta 10-22 galdu zuten.

Nafar Jokoetan, bestalde, binakako txapelketan aurrera egin dute Umore Onako hiru bikotek. Alize Sagardui goizu­e­tarrak eta Araitz Legarreta aranoarrak galdu egin zuten ligaxkako azkena, baina semifinaletara sailkatu di­ra zuzenean, bigarren bukatuta.

Final zortzirenetara sailkatu dira beste bi bikote, ligaxka multzoko lehenengo postuan bukatuta: Adur Sagardui eta Axel Salaberria goizuetarrak infantiletan, eta Haritz Aranberri eta Jon Larin herrikideak alebinetan. Mikel Zu­rutuza eta Aiur Apezetxea goizuetarrak, berriz, txapelketatik kanpo geratu dira, alebinen ligaxkan hirugarren bukatuta, azkeneko partidua irabazi arren.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!