Bolada txarrari buelta eman ezinda jarraitzen dute Hernaniko mutilek

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 4a, 00:00

Bederatzi jardunaldi daramazki Hernanik irabazi gabe.

Zumaiakoren aurka galdu zuten mutil nagusiek, eta neskek, berriz, garaipena lortu zuten Bergararen aurka.

Hernaniko mutilen taldeak, Ohorezko Erregional mailan, Zubipen jokatu zuen, bigarren jardunaldiz jarraian eta ez zituzten finkatutako helburuak lortu. Zumaiakoren aurka neurtu zituzten indarrak eta Hernanik ezin izan zuen aurkaria garaitu: 0-3. Bolada txarrari buelta eman ezinda jarraitzen dute Unai Munduateren mutilek, eta jada bederatzi jardunaldi daramazki taldeak garaipenik lortu gabe. 

Une honetan, laugarren postuan doaz berdeak, 45 punturekin. Goiko postuetatik aldentzen ari da pixkanaka, nahiz eta oraindik igoera postuetan sartzeko borrokan jarraitzen duten. Aurretik Oiartzun dute, puntu bakarreko aldearekin, eta atzetik, aldiz, Elgoibar, bi puntuko aldearekin.

Oso bestelakoa da Ohorezko Erregional mailako nesken egoera. Nagusitasunez irabazi zuten Bergaran, 0-4, eta bigarren postuan jarraitzen dute. Azken hamar jardunalditan bederatzi garaipen eta porrot bat eskuratu dituzte berdeek, eta Mariño hirugarren sailkatuari 7 puntuko errenta atera diote. Errealak, aldiz, 8 puntu ateratzen dizkio Hernaniri. 

Bi asteko atsedenaldia izango dute orain, eta apirilaren 23ko asteburuan itzuliko dira lehiara. Zubipen jokatuko dute Leintz Arizmendi taldearen aurka.  


Berdinketa Mundarrok, atsedenaldiaren aurretik

Touringen kontra jokatu zuen Mundarrok, Aste Santuko oporren aurreko jardunaldian. Zapore gozoa utzi zion taldeari Fanderian lortutako puntuak. Partidua bukatzeko 25 minutu falta zirenean 2-0 atzetik ziren moreak, eta une horretan martxa azkartu zuen Mundarrok. 75 minutuan Garziandiak murriztu zuen aldea, eta 90 minutuan Joxe Marik ez zuen hutsik egin penalti puntutik. Garaipena lortzeko aukera izan zuen Mundarrok, baina ez zuen asmatu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!