Ibon eta Aner Miner aita-semeak, Kopako aurreneko bi postuetan

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 4a, 00:00

Ibon eta Aner Miner aita-semeak, Ereñotzuko bolatokian.

Bi ereñotzuarrak eta Patxi Loreak hernaniarra izan ziren hiru bolari onenak, Belauntzako tiraldian.

Sekulako mailan ari dira Urumea bailarako bolariak, Gipuzkoako Kopan. Gizonezkoetan, Ibon Miner ereñotzuarra eta Patxi Loreak hernaniarra izan ziren onenak Belauntzako tiraldian, 44 brilarekin; eta hirugarren sailkatu zen Aner Miner ereñotzuarra, 42rekin. Bat gutxiago bota zuen Joxe Mari Etxebeste astigartarrak, seigarren postuan.

Hori horrela, Kopako sailkapeneko lehenengo bi postuetan daude Ibon eta Aner Miner aita-semeak, 90 eta 87 brilarekin. Hernaniko Mikel Arroio jaitsi da hirugarren postura (86), Belauntzan 38 brila bota ondoren. Eta 86 brilarekin dago Joxe Mari Etxebeste ere, bosgarren.

Emakumezkoetan, berriz, zortzigarren izan zen Martxeli Kanflanka ereñotzuarra Belauntzan, 20 brila botata; eta postu berean dago sailkapenean, 60 brilarekin

Tokan, bestalde, onenen artean izan zen Leandro Miner ereñotzuarra, berriro ere: laugarren sailkatu zen, 13 punturekin. Hori horrela, postu berean dago Gipuzkoako Txapelketaren sailkapenean, 60 punturekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!