Emakumeei zuzendutako 'Aktiba' kirol programa jarri du martxan Gipuzkoako Foru Aldundiak

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 3a, 00:00

Afrika Hidalgo izango da entrenamenduen gidaria.

Kirolik egiten ez duten 30 eta 50 urte bitarteko emakumeei zuzendutako programa da, eta astean behin entrenamendu saio bat egingo dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Departamentuak 'Aktiba' ekimena jarri du martxan, Gipuzkoako emakume guztiei fisikoki aktibo egoteko aukera ahalbidetzeko asmoz. Kirola egiten ez duen edozein emakumek parte hartu ahal izango du, baina lehentasuna izango dute 30 eta 50 urte bitarteko emakumeek, eta 40.000 biztanletik beherako herrietan bizi diren emakumeek.

Ekimenaren proposamena da astean behin, Zoom bidez, entrenamendu saio bat egitea; ostiraletan arratsaldeko 18:30etan. Horrez gain, parte hartzen dutenek ordubeteko eta ordu erdiko bideoak jasoko dituzte, nork bere kabuz entrenatzeko aukera izan dezan; eta Telegram talde bat ere sortuko dute, zalantzak elkarren artean argitzeko. Taldeko entrenatzailea Afrika Hidalgo izango da.

Entrenamendu saioak izena ematen duten pertsonetara egokituko dira, hasieran bete beharreko galdetegia baliatuta. Bestalde, batenbatek beharrezko materiala eskuratzeko modurik izango ez balu, departamentuak emango lioke behar dutena.

Informazio gehiago nahi duten emakumeek edo izena eman nahi duten emakumeek emakmugi@gipuzkoa.eus helbide elektronikora idatzi behar dute.

Datu adierazgarriak

Ekimen hau martxan jarri da Kirol Zuzendaritzak eta EHUk egindako ikerketa baten ondorioz. Izan ere, datuen arabera, Gipuzkoako emakumeen % 32k ez du kirolik egiten. Gehienak 30 eta 50 urte bitartekoak dira, 40.000 biztanletik beherako herrietan bizi direnak. Gehienak 12 urtetik beherako seme-alaben amak dira, eta jarduera fisikoa egitea gustatuko litzaieke.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!