Kontzertu arrakastatsua, Nagusilanen alde

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 2a, 00:00

Jende ugari bildu zen Kursaalen.

Kontzertu solidarioa eskaini zuten pasa den ostegunean; abeslarien artean zeuden Aiztondo eta Kantuz Abesbatzak.

Nagusilan elkarteak antolatutako kontzertu solidarioa eskaini zuten, joan den ostegunean, Donostiako Kursaalen. 70 musikarik eta 170 koralistek osatutako kontzertua izan zen, eta haien artean zeuden Astigarragako Aiztondo Abesbatzako eta Hernaniko Kantuz Abesbatzako kideak.

Beethovenen 9. sinfonia eskaini zuten, eta Joseba Ecenarro Nagusilaneko presidenteak hautaketaren zergatia azaldu zuen: «Bere laugarren mugimendua, Alaitasunaren Ereserkia bezala ezaguna, askatasunaren, batasunaren eta anaitasunaren sinbolo bihurtu da, gure elkartearentzat funtsezkoa dena. Horregatik aukeratu dugu».

Kontzertuaren amaieran sekulako txalo zaparrada jaso zuten artistek, bost minutu ingurukoa. Ondoren, esker ona adierazteko, Iñaki Carcavillak moldatutako 'Agur Jaunak eta Andreak' abestia kantatu zuten, Kursaaleko entzule guztiak, 2.000 inguru, zutik jartzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!