Ikusi ezazue 'Succession' erraldoia

Aitor Caracciolo 2023ko api. 1a, 00:00

HBO plataforman estreinatu zen, astelehenean, telesail ikusgarri honen laugarren eta azken denboraldia. 
'Sin Huellas' (Prime Video) eta The Big Door Prize (Apple TV) ere estreinatu dira martxoan eta oso gomendagarriak dira.

TELESAILETAN ADI(K)TUA

Arraroa izan arren, apirilaren lehen egun honetan gatoz zuengana martxoko errepasoa egiteko. Askori luze egin zaigun (asteburuei buruz eta hauek ekartzen duten erokeria guztiari buruz ari naiz) hilabete honek, etxean denbora gehiago pasatzeko aukera eman digu asteburuetan eta egiari zor, telesail interesgarri dexentez betea etorri zaigun hilabetea izan da.

Martxoa gauza bakarra buruan nuela hasi nuen, hilaren 27a, Succession (HBO) ikusi beharreko telesail galantaren estreinaldi eguna. Buelta irrikiz itxaroten ari nintzen, baina izan ditut bidean ere hainbat sorpresa: The Mandalorian (Disney+), Daisy Jones & The Six (Amazon Pirme Video), Perry Mason (HBO), Rain Dogs (HBO) txundigarria, Ted Lasso (Apple TV+), A Town call Malice (Sky Showtime), Swarm (Amazon Prime Video) hipnotikoa, Lucky Hank (AMC+), Great Expectations (BBC One, hau gurera oraindik iristear badago ere) edota Yellowjackets (Sky Showtime) bortitza. Dena den, hiru dira egun hauetan ingurukoei gomendatzen ibili naizen telesailak.

 

'Sin Huellas'

Sin Huellas dugu hauetako lehena. Martxoaren 17an estreinatu zuen Amazon Prime Video zerbitzuak telesail labur honen denboraldi osoa. 8 atalez osatua, hau deskribatzeko modu egokirik ez dago, baina borobiltzen duen esaldia nere ustez «cañi hasta las trancas» izango litzateke. Bertan, Desi eta Cata garbitzaileak ezagutuko ditugu. Lanetik kaleratuak izan ostean Alikanteko famili boteretsuenaren etxean lan bat egiteko aukerarekin topatuko dira. Bertan daudela gorpu batekin topo egingo dute ohe baten azpian eta hor hasten da zortzi atal frenetikoetan gertatuko diren zorakeria guztietako lehen domino pieza jausten. Gehiago ez dugu esango spoilerrik ez egiteko. Baino esan, ez dezala inork bertan telesail serio, dramatiko eta mamitsua bilatu. Gozatu ezazue bere protagonisten karisma eta lotsagabekeriaz, situazio surrealista eroetaz eta hauek sortutako errusiar mendiaren gorabeherataz. Gogotsu gomendatzen dizuet.

 

'The Big Door Prize'

The Big Door Prize (El premio de tu vida) serieak berriz guztiz kontrakoa den dilema aurkeztuko digu. Apple TV+ plataforman hasi zen hilaren 29an eta lehen hiru atalak estreinatu dira. Hauek ikusita, atal gehiago ikusteko irrikaz geratu naiz.

Dramedia goxo honen premisa erraza da. Zer gertatuko litzake zure eguneroko erosketak egiten dituzun dendan zure bizitzako benetako potentziala zein den esaten duen makina bat jarriko balute? Probatuko al zenuke? Bertan azaldutakoak zure bizitza balantzan jarriko al luke? Abiapuntu honetaz baliatuz, antzezle zerrenda koralean sortzen du bere indarra produkzio honek. 

Atal bakoitza pertsonaia ezberdin baten ikuspuntuan kokaturik saltoka eramango gaitu. Bakoitzari ateratako txartelean esandakoak izango dituen ondorioak ikusiko ditugu. Hauei eta ingurukoei egingo dieten aldaketak bere biziko garrantzia izango dute kasu gehienetan. Aukera izanik begirada bat emaiozue, ea zer iruditzen zaizuen. 

'Succession'

Azkenik, Succession. Bai. Zer pentsatzen zenuten? Beste bat izango zela zerrenda honen buru? Nire urtebetetzetako opari gazi-gozoa izan zen telesailaren laugarren (poza) eta azken (negargura) denboraldiaren estreinaldia. Astelehenean martxoaren 27an estreinatu zen. Sari guztien garaile eta kritika eta ikusleen kuttun, oraindik ezaguna ez baduzu, erruki dadila zutaz Logan Roy berbera. Konglomeratu enpresarial mediatiko erraldoiaren jabe den Roy familiaren bizitza jarraitzen duen kontakizun paregabe honek, William Shakespeare idazlearen Lear Erregea antzezlana bera txiki uzten du. Traizioa, gupidagabekeria, moraltasun eza, berekoitasuna. Aurkitu ditzakezun adjetibo negatibo guztien zerrenda osoa betetzen duen famili baten barne gerra erakusten digun, letra larritan idatziko dut, TELESAILA. Ez dago beste modurik hau azaltzeko. Gaur egungo serieen olinpoan dugun buru nagusietako bat dugu, hau galtzea zorakeri bat iruditzen zait. Beraz, Ikusi ezazu!

 Besterik ez. Datorren hilean gehiago.

Ah! Succession ikusi! demontre!

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!