Aiestaranek finalerdia gaur, baina Zubirik ezin

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 1a, 00:00

Goikoetxeak eta Aiestaranek, Zaldua II-Odei dituzte aurkari. Zubirik ezingo du jokatu, min hartuta baitago.

Berria Txapelketako finalerdiak jokatuko dira gaur Galarretan. Jaialdia ohiko orduan, 16:30etan hasiko da eta jaialdiko lehenengo eta hirugarren partiduak izango dira Berria Txapelketakoak. Gainera bailarako erremontista bat izango da protagonista.

Finalerako txartela lortu nahi du Aitor Aiestaran hernaniarrak, jaialdiko lehenengo partiduan. Horretarako, Goikoetxearekin batera, Zaldua II.a eta Odeiren aurka irabazi beharko du gaur. Aurkariek lehenengo postuan amaitu zuten ligaxka, baina urnietarra eta hernaniarra faborito izango dira. Aiestaran maila bikainean aritu da bere estreinako txapelketan, eta Goikoetxeak bere maila onena emanez gero, urdinek nagusitu beharko lukete. Jendearen animoak ongi etorriko zaizkie, eta zaletu hernaniarrak bertara hurbiltzeko deia zabaldu dute.

Berria Txapelketako bigarren finalaurrekoan aritu behar zuen Aritz Zubiri goizuetarrak, baina ezingo du jokatu. Atzo egin zuen proba Galarretan, lesiotik guztiz errekuperatu den jakiteko; baina ikusi zuen ez dagoela jokatzeko moduan. Hortaz, Martirena ariko da bere ordez, Irazurekin, Gurrutxagaren eta Zalduaren kontra. Partidu berdindua espero da, baina bigarrenak izango dira faborito. Jokatutako bi partiduak irabazi dituzte, eta oso ongi ari dira moldatzen elkarrekin.
 

Estelarrik onena, bigarrengoan

Jaialdiko bigarren partidua estelar ikusgarriak osatuko du. Ezin da partidu hoberik antolatu. Urrizak eta Larrañagak, Ansa II.a eta Barrenetxea IV.aren aurka neurtuko dituzte indarrak. Urrizaren eta Barrenetxearen arteko lehia espero da, nahiz eta aurrelaria eta atzelaria izan eta lehia ez den zuzena.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!