Oses-Arsuaga eta Labaka-Zugasti bikoteek, infantil mailako finalak

Kronika - Erredakzioa 2023ko api. 1a, 00:00

Oier Arsuaga

Azkoitiaren kontra jokatuko dute gaur lehenengoek eta Intxurreren kontra, Labakak eta Zugastik.

Egun garrantzitsua da gaurkoa infantil mailako bi bikote hernaniarrentzat. Goizeko 10:00etan, Azkoitiko pelotalekuan, Gipuzkoako Txapelketako infantil mailako finala jokatuko da lehenengo mailan. Bertan, C.D. Hernaniko bikoteak, Ekhi Osesek eta Oier Arsuagak, Azkoitiko Etxaniz eta Segurolaren aurka jokatuko dute. Gipuzkoako infantil mailako bi bikote onenak jokatzen dute eta ikuskizuna ziurtatuta dago.

Hortik ordu gutxira, arratsaldeko 19:00etan Alegiako pelotalekuan, Gipuzkoako Txapelketako infantil 2garren mailako finala jokatuko da. Hemen ere bikote hernaniar bat izango da finalean. Aratz Labakak eta Lier Zugastik, Intxurreko Garaikoetxea eta Leo bikotearen aurka neurtuko dituzte indarrak txapelaren bila. Aldez aurretik ikusita partidu berdindua espero da. Hernanirentzat historikoa da infantil mailako bi finaletan bi bikote izatea. Inoiz ez da lortu honelako emaitzarik maila horretan.

Trinketeari dagokionez, Grabni Torneoan, Xabier Barandiaranek bihar Arnedon jokatuko du. Gaur, 11:00etan, Irurako trinketean, Gipuzkoako Txapelketako Lehenengo mailako jaitsiera promozioa jokatuko dute Jon Jarak eta Iñigo Labakak. Sorondo eta Lasa (Alde Zaharra) izango dituzte aurkari. Hernaniko bikotea aterako da faborito eta ez lukete arazorik izan behar kategoria mantentzeko.

 

Berria Txapelketa, Hernanin

Berria Txapelketak jardunaldi berri bat jokatuko du bihar Hernaniko frontoian, 11:00etatik aurrera. Bertan, Leitzako Aurrera taldeak eta Ortuellako Danok Lagunak taldeak neurtuko dituzte indarrak kadete, gazte eta nagusi mailetan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!