Udarako bukatuko dituzte Astigarragatik eta Hernanitik Donostiara joateko falta den bidegorri zatiaren obrak

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 30a, 00:00

Txomin Enean izango dira obrak.

Aste honetan esleitu da proiektua, Txomin Enea eta 27 poligonoaren arteko bidegorria egiteko, eta hiru hilabeteko epean bukatuko dute.

Metro gutxi geratzen dira Hernanitik eta Astigarragatik oinez zein bizikletaz Donostiara joateko bidea osatzeko: udarako bukatuko dituzte Txomin Enea eta 27 poligonoaren arteko bidegorriaren obrak, eta hori da falta den azkeneko zatia. Atzo bertan gauzatu zen proiektuaren esleipena, 225.538 euroko aurrekontuarekin, eta hiru hilabeteko epea izango du Campezo enpresak lanak amaitzeko. 

Guztira 200 metroko zatia izango da, eta uda hasterako erabilgarri egongo da bidea oinezkoentzat eta bizikletentzat. 5 metro inguruko zabalera izango du, eta erdibitu egingo dute: 2,5 metro oinezkoek paseatzeko, eta beste hainbeste bizikletan dabiltzan pertsonentzat. Hasiera batean, 2022rako bidea amaituta egotea zen aurreikuspena, baina ez zuten proiektua esleitzeko eskatzailerik erakarri. 

 

Astigarragatik Errenteriara autobusa, apiriletik aurrera

Bestalde, laster izango da Astigarragatik Errenteriara autobus bakarrean joateko aukera. Hala azaldu zuen Rafaela Romero Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun diputatuak; izan ere, autobus zerbitzu berri bat jarriko dute martxan, apirilaren 11tik aurrera, Ekialdebuseko E6 linean. Modu horretan, lotura zuzena egongo da bi herrien artean, eta Garberatik  ere pasako da autobus linea berria.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!