Gaur egingo dute ikasturteko azken formakuntza saioa Beterri Saretuz ekimeneko kideek, Usurbilen

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 29a, 00:00

Arrakastatsuak izan dira aurreko saioak.

Enpresetako jarduerek ingurumenean duten eraginaz hausnartzea izango da helburua. Usurbilgo Lanbide Eskolan egingo dute. 

Hirugarren eta azken formakuntza saioa egingo dute gaur Beterri Saretuz ekimeneko kideek. Eskualdeko kooperatiba, enpresa eta proiektuei zuzendutako hitzaldia eskainiko dute, Ingurumena enpresen iraunkortasunaren parte izenburupean. Hizpide izango dituzte, besteak beste, biodibertsitatearen galerak, airearen kalitateak eta klima aldaketak izan ditzaketen eraginak, edota enpresetako jarduerek duten inpaktua.

Antolatzaileek nabarmendu dute diskurtso aldaketa bat bilatzen dutela formakuntza saio honekin: «Askotan uste izan da ingurumenean inpaktu negatiboa soilik munduko enpresa haundiek sortzen dutela, baina, guztien jarduteak, enpresa haundi zein txiki, industrial zein zerbitzuetakoak, eragin dezake ingurumenean».

Hitzaldia Usurbilgo Lanbide Eskolan izango da, goizeko 11:00etatik 13:00etara, eta Isladak aholkularitza kooperatibako Aiala Zubieta izango da gidaria.

Formakuntza saioaren ondoren, bisita gidatua egingo dute Lanbide Eskolako instalazio fotovoltaikoa ezagutzeko: «Instalazio guztia agerian duen bakarrenetakoa da, eta dena ikusi ahal izango dugu.

Antolatzaileak gustura daude orain arteko saioekin

Aurtengo formakuntza zikloa itxita geratuko da ingurumenari buruzko saioarekin; orain arteko lanketak positiboki baloratu dituzte Beterri Saretuz taldeko antolakuntzatik. Aurreko saioetan entzute metodologiari eta berdintasunari buruzko lanketak egin dituzte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!