Mikel Arroio onena, Herrerako tiraldian

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 28a, 00:00

Gipuzkoako Kopari eman zioten hasiera igandean, eta Hernaniko bolaria izan zen onena, 48 brila botata.

Beste txapelketa bati eman zioten hasiera, igandean, bailarako bolariek: Gipuzkoako Koparen aurreneko tiraldia jokatu zuten Donostiako Herrerako bolatokian, eta Mikel Arroio hernaniarra izan zen onena, 48  brila botata. Bera da aurreneko liderra, gizonezkoetan.

Emakumezkoen artean, berriz, seigarren izan zen Martxeli Kanflanka ereñotzuarra, 40 brilarekin. Garbiñe Alustiza izan zen onena, 45ekin.

Gizonezkoetan, onenen artean aritu zen Ibon Miner ereñotzuarra ere, 46 brilarekin bosgarren; eta bat gutxiago bota zuten Aner Miner ereñotzuarrak (zazpigarren) eta Joxe Mari Etxebeste astigartarrak (bederatzigarren). Atzerago izan zen Migel Arrozpide hernaniarra, 23garren, 39 brila botata; eta ez zuten egunik onena izan bailarako beste hiru bolariek: 29 brila bota zituen Patxi Loreak hernaniarrak, 27 Fermin Zuloaga hernaniarrak, eta 22 Leandro Miner ereñotzuarrak.

 

Tokan, Ibon Miner seigarren

Tokan ere ez zen ohi bezain fin aritu Leandro Miner, eta ihes egin diote Gipuzkoako Txapelketako bigarren eta hirugarren sailkatuek. Zazpi jo zituen ereñotzuarrak Herreran, eta 47 puntu dauzka sailkapen nagusian, laugarren postuan. Aurretik daude Antonio Amundarain (73), Iñaki Maiz (53) eta Felix Maiz (52). Amundarain bera izan zen onena igandean, 14 puntu lortuta, Jose Antonio Calvorekin berdinduta. Ibon Miner izan zen bailarako onena, seigarren, 9 punturekin. Sei jo zituen Joxe Mari Etxebestek, eta hiru Martxeli Kanflankak.

Bolako zein tokako tiraldia izango da datorren igandean ere, Belauntzan. Bolan, Gipuzkoako Kopako bigarrena izango da, eta beste bi faltako dituzte, Aste Santutik bueltan. Tokan, hiru tiraldi falta dira Gipuzkoako Txapelketa bukatzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!