Semifinaletan ariko dira Aiestaran eta Zubiri

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 28a, 00:00

Berria Txapelketan aurrera egin dute biek, azkeneko jardunaldiko emaitzekin. Irabazi egin zuen hernaniarrak.

Larunbatean bukatu zen Berria Txapelketaren ligaxka, eta aurrera egin dute Aitor Aiestaran hernaniarrak eta Aritz Zubiri goizuetarrak. Semifinaletan ariko dira biak: Goikoetxearekin Aiestaran, Zaldua II eta Odei kontrario dituztela; eta Irazurekin Zubiri, Gurrutxaga-Zaldua I bikotearen kontra. Datorren larunbatean jokatuko dituzte bi semifinalak.

Azkeneko jardunaldian lortu zuten pasea, bailarako bi erremontistek. Aiestaranek partidu erabakigarria zeukan Goikoetxearekin, B multzoan, Urrutia IIren eta Oier Apezetxea goizuetarraren kontra. Irabazleak lortuko zuen pasea, eta erraz nagusitu ziren Aiestaran eta Goikoetxea (35-15). Aurrean nagusi izan zen Goikoetxea, baina eutsi egin zuten kontrarioek, partiduaren aurreneko erdian (15-12). Aiestaran bere maila onena ematen hasi zenean, ordea, ihes egin zuten markagailuan: sei tanto egin zituen hernaniarrek sakez, eta beste zortzi jokoan. Horrela, B multzoko bigarren postuan bukatu dute Goikoetxeak eta Aiestaranek, bost punturekin. Gurrutxaga eta Zaldua I izan dira aurrenekoak, zortzi punturekin; eta hirugarren Urrutia II eta Apezetxea, -2 punturekin.

Zubiri, berriz, azkeneko jardunaldiko emaitzaren zain zegoen, A multzoan. Loitegi eta Eskudero nagusitu ziren, Zaldua IIren eta Odeiren kontra (23-35); baina emaitza horrekin, irabazleak geratu dira txapelketatik kanpo, hiru punturekin. Haiekin berdinduta geratu dira Zubiri eta Irazu, beste hiru punturekin, eta haiek egin dute aurrera, multzoko bigarren postuan. Zaldua II eta Odei izan dira liderrak, lau punturekin.

Orain, partidu bakarrera jokatuko dituzte semifinalak, datorren larunbatean, arratsaldeko 16:30etan hasita Galarretan. Bi bikote irabazleek jokatuko dute finala, apirilaren 8an.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!