Enaitz Goñi Espainiako Open Txapelketan, bihartik Mallorcan

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 28a, 00:00
Xabier Huitzi, Uxue Garmendia, Aitana Silva eta Santiago Pérez, Irunen.

Asteburuan mutilik onena izan da Gipuzkoako Udaberri Sarian eta hirugarrren orokorrean.

Enaitz Goñik gaur bidaiatuko du Mallorcara, bihar hasiko den Espainiako Igeriketa Open Txapelketan parte-hartzeko. Goñik lau probetan egingo du igeri: 200 metro librean ostegunean, 400 metro estiloetan ostegunean, 200 metro bizkarren ostiralean eta 50 metro bizkarren igandean. 

Udaberriko Opena Espainiako txapelketarik garrantzitsuenetakoa da, garrantzitsuena ez esatearren. Aurten gainera, bere lehenengo urtea da absoluto mailan. Helburua denborak jaistea da eta absoluto gazte mailan, finaletara sailkatzea. 

Tolosaldea taldeak zazpi igerilarirekin hartuko du parte. Txapelketak Munduko txapelketetarako gutxiengo denborak egiteko balio izaten du. Goizean sailkapen serieak egingo dira igeri eta arratsaldean finalak.

 

Sasoi betean dagoela erakutsi du Enaitz Goñik Irunen

Txapelketara sasoi betean iritsiko da asteburuan Irunen ikusi denez. Enaitz Goñik  hirugarren postuan amaitu zuen, asteburuan, Gipuzkoako Udaberri Saria 200 metro librean lortutako 703 punturekin. FINA taularen arabera erabaki zen eta espainiar selekzioko Nahia Garridok irabazi zuen, Amaia Cendoyaren aurretik. Goñi lehenengo mutila izan zen eta 200 euroko saria eskuratu zuen, 1:51.71ko denbora egin eta gero. Marka oso ona. 

Ez zen bailarako igerilari bakarra izan bertan partehartzen. Hernani Igeri Elkarteko beste bost igerilari uretaratu ziren: Xabier Huitzi, Santiago Pérez, Aitana Silva, Uxue Garmendia eta Unax Zabala. Erreleboa ere uretaratu zuen Hernanik, 4x100 estilo libre mixtoan. Gero eta esperientzia gehiago ari dira hartzen eta emaitzetan nabaritzen ari da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!