Talaia Bidea mendi lasterketa irabazi du Hodei Lujanbio goizuetarrak

Kronika - Erredakzioa 2023ko martxoaren 27a

Hodei Lujanbio, Talaia Bidea mendi lasterketaren podiumeko koxka gorenean.

Ereñoko Mendi Lasterketan, berriz, hirugarren sailkatu da Araitz Irazu hernaniarra.

Oso asteburu oparoa izan da, Urumea bailarako mendi korrikalarientzat; bereziki, Hodei Lujanbio goizuetarrarentzat eta Araitz Irazu hernaniarrarentzat. Talaia Bidea mendi lasterketa ezaguna irabazi du Lujanbiok, Donostiatik Hondarribiara bitarteko 31 kilometroak inork baino azkarrago osatuta, 2:20:28 denboran. Podiumean lagun izan zituen Aritz Kortabarria arrasatearra (2:21:56) eta Eneko Agirrezabal segurarra (2:23:04), 2021eko Behobia-Donostiako irabazlea. 

Irazuk, berriz, Ereñoko Mendi Lasterketaren podiuma zapaldu zuen, emakumezkoetan hirugarren sailkatuta. 2:36:25 denboran osatu zuen 20 kilometroko ibilbide gogorra, Amelie Le Gall getxoztarraren (2:30:59) eta Sonia Lopez ermuarraren (2:35:39) atzetik.

Bailarako beste zortzi korrikalarik ere osatu zuten Talaia Bidea. Miren Arantxa De La Fuente astigartarra 10garren izan zen emakumezkoetan, 3:29:01 denborarekin; eta Asier Izquierdo herrikidea 38garren sailkatu zen gizonezkoetan, 2:42:02 denborarekin. Beste lau astigartarrek bukatu zuten proba: Ion Ander Egibar (2:56:42), David Trallero (2:58:47), Imanol Egibar (3:07:33) eta Eneko Garmendia (3:31:41). Bi hernaniar ere aritu ziren bertan: Mikel Aramendi (3:05:37) eta Gonzalo Saavedra (3:54:28).

Gabirian ere izan zen bailarako korrikalaririk, Leharrei mendi lasterketaren bi ibilbideetan. Ibilbide luzea (24 kilometro) elkarrekin osatu zuten Aitzol Larrañaga eta Eñaut Jaka astigartarrek, 2:57:00 denboran. Eta ibilbide laburrean (15 kilometro), zortzigarren izan zen Intza Mitxelena hernaniarra, emakumezkoetan, 1:45:46 denborarekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!