Buruntzaldeako alkategaien aurkezpen ekitaldia egin zuen EAJk, pasa den larunbatean, Urnietan. Bertan izan ziren, besteak beste, Andoni Amonarraiz Hernaniko alkategaia, María Otaegi Astigarragako alkategaia eta Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia izateko hautagaia.
Alkategaien arteko solasaldia izan zen ekitaldiko ekintzetako bat. Bertan, Amonarraizek nabarmendu zuen lehenengo aldiko ilusioa mantentzen duela, eta lanerako gogoz dagoela: «Duela 20 urte zinegotzi bezala lanean sartu nintzeneko ilusio berarekin heltzen diot hauteskundeen erronkari, eta hernaniarren bizi kalitatea hobetzeko ahaleginean jartzen dut lehentasuna». Otaegik, berriz, EAJk «herriaren sorkuntzan» izan duen papera aldarrikatu zuen, eta Astigarragarako prestatu duten proiektuak «etorkizunera begira» duen balioa nabarmendu zuen.
«Sinesgarritasuna eta bermea» aipatu zituen Mendozak
Eider Mendozak, Gipuzkoako ahaldun nagusia izateko EAJren hautagaiak, hitzaldia eskaini zuen Urnietan. Besteak beste, aipatu zuen «sinesgarritasuna eta bermea» eskaintzen dituela alderdi jeltzaleak, eta horixe nahi duela jendarteak «sozialki eta ekonomikoki» aurrera egiteko: «Ezkortasunean eta kritika suntsitzaile hutsean geratzen direnen aurrean, eraikitzeko borondatea eta gaitasuna aldarrikatzen ditut. Bi aukera daude, pankartaren atzean gelditu, bazterrak nahastera mugatuz; edo arazoei aurre egin, eta konponbideak bilatu».
Hitzartzea amaitzeko, etorkizunera begirako pausuak emateko garrantzia nabarmendu zuen Mendozak: «Horretarako, gure ikurrei heldu behar diegu, eta biharko egunera begiratu. Hori da hartzen dugun konpromisoa».