Jaitsiera zuzena saihestu du Mundarrok

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 28a, 00:00

Mundarroko Izagirre, defentsako lanean, Getariakoren kontra.

Garaipen garrantzitsua lortu zuen Getariakoren kontra (63-42), eta mailari eusteko 'play-off'a jokatuko du.

Partidu erabakigarria zeukan Mundarrok, mutilen Gipuzkoako lehenengo mailan, mailari eusteko lehian. Getariakoren kontra jokatu zuen etxean, ligako azkeneko sailkatuaren kontra; eta garaipen erosoa bezain garrantzitsua lortu zuten moreek (63-42). Horrekin, jaitsiera zuzena saihestu dute astigartarrek, eta mailari eusteko play-offa jokatuko dute. Izan ere, bi partidu falta direnean, Getariako eta Loyola daude jatsiera zuzeneko bi postuetan, bost garaipenekin; eta aurretik Mundarro eta Añorga, zortzi garaipenekin. Bien arteko play-off horretan erabakiko dute, zein izango den maila galduko duen hirugarren taldea, aurrekoak oso urruti baitaude, 11 garaipenekin.

Hasieratik izan ziren nagusi moreak, getariarren kontra. Aurreneko laurdenean egin zuten ihes (20-11), eta atsedenaldira 33-26 iritsi ondoren, aldeak gora egin zuen bigarren zatian, etengabe. Izagirre eta Arrizabalaga izan ziren taldeko saskiratzaile nagusiak, 12 eta 11 punturekin.

 

Asteburu gogorra, lehenengo mailako neskentzat

Nesken lehenengo mailako taldearentzat, aldiz, gogorra izan da asteburua. Bi partidu zail jokatu ditu Mundarrok, eta bietan jaso du porrota. Larunbatean, BKEren kantxan aritu zen, eta azkeneko laurdenean egin zion ihes garaipenak (58-50). Igandean, berriz, multzoko liderraren kantxan aritu zen, Casa de la Riojaren kontra; eta bezperako nekeak neke, gogotik estutu zuen liderra, baina ez zuen saririk jaso. Aurreneko hiru laurdenetan nagusi izan ondoren (25-32), ezin izan zion abantailari eutsi azkeneko laurdenean, eta puntu bakarreko aldearekin galdu zuen (38-37).

Mutilen bigarren mailan, azkenik, porrota jaso zuen Hernanik, Eibarren (70-55). Atsedenaldira 40-25 galtzen iritsi ondoren, garaipenaren lehian sartu ziren berriro, hirugarren laurdenean (49-44), baina eibartarrak nagusi izan ziren azkenekoan ere.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!