Sareak indartu ditugu tokiko komunikabideok, Tokikomen 10garren urteurreneko ospakizunean

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 26a, 00:00
Tokiko komunikabideen sei elkartetako ordezkariak, ostiraleko jardunaldian, manifestua sinatu berritan.

Ostiralean izan ziren jardunaldiak Getxon, Tokikom taldearen urteurren borobila ospatzeko, nazioarteko adituekin. Bertan izan zen Kronika.

Ospakizun eguna genuen tokiko komunikabideok, aurreko ostiralekoa: Tokikom taldearen 10garren urteurrena ospatzeko jardunaldia izan zen Getxon, Olatua kruzeroen terminalean, Komunikabideak etorkizuna ehuntzen izenburupean. 150etik gora ikusentzule bildu ginen bertan; tartean, tokiko komunikabideetako langileak, erakunde publikoetako ordezkariak, eta nazioarteko hainbat aditu.

Aditu horien hitzaldien bitartez, hausnartu genuen tokiko komunikabideok gizartean dugun paper garrantzitsuaz, komunikazio sareen arteko lankidetzaz, eta etorkizuneko erronkez. BBCko Jason Gibbinsek eta Peter Sherlockek aurkeztu zuten BBCk tokiko komunikabideekin duen ha­rremana eta horren abantailak; Richard Gurnerrek azaldu zu­en Caerphilly Observer tokiko komunikabide galestarraren ibilbidea; Tomas Bruvikek aditzera eman zuen LLA (Norvegiako tokiko hedabideen elkarte nazionala) osatzen duten 110 hedabide baino gehiagoren arteko lankidetza estrategia; EITBk eta Tokikomek elkarlanean abiatutako Saretzen proiektuaz aritu ziren EITBko Oihane Mateos eta Hirukako Iker Rincon; Bea Narbaizak, EHUko Ikusiker ikerketa-taldeko kideak, aurkeztu zuen kazetaritzak entretenimenduaren esparruan du­en egoera; Reuters institutuaren Digital News Report txostenaren berri eman zuen Avelino Amoedo EHUko irakasle eta ikertzaileak; eta adimen artifizialak tokiko hedabideentzat dituen aukerez aritu zen Karma Peiró aditua.

Tokiko komunikabideon arteko sareak indartzeko balio izan zuen jardunaldiak, mokadu eder bat ere tarteko; eta bide horretan, pauso bat gehiago eman zuen Tokikomek. Izan ere, manifestua sinatu zuten Estatuko tokiko komunikazioko sei elkartek, Getxon bertan, lankidetzan aritzea adostuz, eta Estatuko administrazioei publizitate aurrekontuak egitean tokikoak ere kontutan hartzea eskatuz: Associació Catalana de Premsa Comarcal, Associació de la Premsa Comarcal Valenciana, Associació de Mitjans Digital de la Comunitat Valenciana, Associació de Premsa Forana de Mallorca, Associació de Premsa Local de Menorca eta Tokikom.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!