Bailarako lau gaztek jaso dute 'Gidabaimena euskaraz' saria

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 25a, 00:00
Oier Agirresarobe zinegotzia Hernaniko sarituekin; Manex Usarraga, Eider Goikoetxea eta Garazi Sarriegi.

Iaz atal teorikoa euskeraz egin eta gainditu zutenen artean egin da zozketa. Hiru saritu izan dira Hernanin; Eider Goikoetxea, Garazi Sarriegi eta Manex Usarraga. Astigarragako saritua Danel Soraluce izan da. Lasarte-Orian, Usurbilen, Urnietan eta Andoainen ere banatu dituzte sariak.

Jada egin dute zozketa 2022an gidabaimenaren atal teorikoa euskeraz egin eta gainditu zutenen artean. Erakargarria zen eskainitako saria, atal teorikoa prestatzeko egindako gastua berreskuratzeko aukera; eta bailarako lau herritarrek lortu dute. Hiru izan dira Hernaniko autoeskoletako sarituak: Eider Goikoetxea Salazar, Garazi Sarriegi Apezetxea eta Manex Usarraga Vicent. Astigarragako saritua, berriz, Danel Soraluce Arrizabalo izan da. Ekimenean parte hartu dute, Hernanirekin eta Astigarragarekin batera, Andoainek, Lasarte-Oriak, Urnietak eta Usurbilek; eta autoeskola bakoitzeko sari bat banatu da. 

Buruntzaldea mailan egiten den dinamika da 'Gidabaimena euskaraz', eta bertako herritarrei gidabaimena euskeraz ateratzeko bultzada ematea da helburu nagusia: «Izan ere, egun gazte gehienek D ereduan ikasiagatik, oraindik ere gehienek gaztelaniaren aldeko hautua egiten dute esparru horretan». 

Datuei erreparatuz, 2022an 60 herritarrek eskuratu dute gidabaimena euskaraz Buruntzaldeako herrietan. Egitasmoa martxan jarri zenetik 1.252 izan dira gidabaimena euskeraz atera zutenak. 

Datuen bilakaera positiboa ikusita, egitasmoa indartzearen aldeko apustua egin dute udalek: «Egitasmoa indarrean dago 2023an zehar ere, eta maiatzean indartu egingo da: 18 urte betetzen dituzten herritarrei gutun bat bidaliko zaie udaletatik gidabaimena euskaraz ateratzeak dituen abantailen berri emanez eta hala egitera animatuz. Gazte askok uda partea aprobetxatzen dute gidabaimena ateratzeko; beren ikasketak euskaraz egin dituzten gazteak dira eta ezinbestekoa da helduarorako urrats garrantzitsu eta erakargarri hori euskaraz eman ahal izatea. Hortik udalon inplikazioa eta autoeskolen ahalegina».

 

Aurrerapausuak autoeskolen munduan

2022-23 ikasturtean aurrerapausu bat gehiago eman du euskerak autoeskolen eremuan: Errenteriako Don Bosco ikastetxeak Goi Mailako ziklo bat eskaini baitu, D ereduan, autoeskolako irakasleak prestatzeko. «Klase teorikoak eta praktikoak emateko aukera izango dute irakasle horiek». 

Buruntzaldeako udalek pozarren hartu dute albistea: «Uste dugu horri esker datorren urteetan zentro gehiagok eskaini ahal izango dutela zikloa, eta, honenbestez, gidabaimena euskaraz ateratzeko erraztasun handiagoak emango direla».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!