Hernanik erreakzioa bilatu nahi du gaur Aretxabaletaren aurka

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 25a, 00:00

18:00etan jokatuko dute mutilek Zubipen eta aurretik, 16:00etan, nesken txanda izango da Mariño aurkari zuzenaren aurka.

Jardunaldi garrantzitsua jokatuko dute gaur Zubipen Hernaniko neskek eta mutilek Ohorezko Erregional mailan. Nesken txanda izango da aurrena, 16:00etan Mariñoren aurka neurtuko dituzte indarrak. Garaipenak bigarren postua ziurtatuko luke txapelketan. Mariño hirugarren sailkatu da lau puntura eta hernaniarrek irabaziz gero zuloa zazpi puntura haundituko lukete. 

Mutilek 18:00etan hartuko dute erreleboa Aretxabaletaren aurka. Hernanik irabazi beharra du erreakzionatzeko. Urte osoan garaipen bakarra lortu du taldeak eta lehenengo postutik bost puntura aldendu da. Atxabaltarrak zazpigarren dira sailkapenean. Garaipen batek igoera amesteko esperantza mantenduko luke. 

Mundarrok ere aurkari zuzena

Preferente mailan Mundarrok ere etxean jokatuko du. Hondarribiak egingo du bisita Zarkumendegira eta partidua 16:00etan hasiko da. Bi taldeak berdinduta daude 27 punturekin eta garaipena beharrezkoa da azken postuetatik ihes egiteko. Jaitsiera urrun dago oraindik, baina partiduak irabazi beharra dago zulora ez erortzeko.

Jubenil Nazionalak partidu interesgarria jokatuko du Athletic-en aurka bihar, 12:00etan, Zubipen. Hernaniko zelaian partidu asko izango dira asteburuan. 

Horietako bat derbia izango da Hernani eta Mundarroren artean. Ohorezko Jubenil mailan neurtuko dituzte indarrak bihar, 16:30etan, astigartarrek eta hernaniarrek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!