Mahaiaren bueltan borobiltzen dira ospakizunak

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 25a, 00:00
Eremu irekiak eta itxiak tartekatzea da egungo joera.

Ezkontzetako une dibertigarrienak otorduan iristen dira, eta bertan borobildu ohi da eguna. Menuaren hautaketa bezain garrantzitsua da eremua aukeratzea, eta leku irekiak eta itxiak tartekatzea da egungo joera.

Ezkontzako une dibertigarrienak mahai baten bueltan gertatzen dira. Berebiziko garrantzia du ezkontzako otorduak, eta eguna borobiltzeko plan bikaina izaten da. Aukera oso zabala dago, janari motetatik hasi, eta otorduaren eremura iritsi arte. Bailarako jatetxe batzuetan badira ezkontzetara bideratutako guneak, dena bikain irten dadin prestatutako txokoak. Sagardotegietan ere ezkontzak egiten dira, tradizioa eta eremu atseginen arteko nahasketa aprobetxatuz. 

Gauza asko hartu behar dira kontuan ezkontza otordu bat ondo antolatzeko. 

 

BAPO BAZKALTZEKO MODUKO AUKERA EZBERDINAK

Arrainzaleentzat aukera paregabeak

Ezkontzako menua itsaso ukituarekin sortu nahi duten pertsona asko izaten dira. Horientzat gomendatzen dena da sarrerako aperitibo txikiekin hastea, ondoren plater nagusiari protagonismoa emateko. Arrain txurietan erreboiloa, xapua, legatza eta bakailua izaten dira hautatuenak; arrain urdinetan, berriz, hegaluzea eta izokina.  

 

Haragijaleen menua

Haragia gustuko dutenentzat txuletoia, azpizuna eta entrekota dira plater ohikoenak, baina ez dira aukera bakarrak. Saltsekin jolasteko aukera ugari ematen ditu haragiak, eta trufarekin egindakoak izaten dira arrakastatsuenak. Gainontzeko haragiei dagokienez, azken urteetan modan jarri da sekretu iberikoa, baita txerriaren zenbait zati ere; presa, esaterako. Hautatzen diren beste haragien artean daude karrilerak, konfita edo magreta. 

 

Menu begetarianoa

Aukera zabala dago gustu guztientzat, eta ezkontzetan ere menu begetarianoak ere izaten dira, noski. Adibidez, pintxoak barazki mota desberdinetatik abiatuta egin daitezke; kinoa, tofu edo seitanezko mini-hanburgesak, besteak beste. Humusa ere asko erabiltzen da.

 

Gozoak, otordua bukatzeko

Ohiturak agintzen duen modura, gozoarekin amaitzen dira ezkontza otorduak. Azken urteetan modan jarri dira loreekin apaindutako tarta metalizatuak. Bestalde, tarta haundia banatzeaz gain, bikote askok egiten dute opil txikiagoak banatzearen aldeko apustua. Gehienetan txokolatezkoak izaten dira, baina bere gustuetara egokitu dezake bakoitzak.  

 

EREMU ITXIAK ETA IREKIAK

 Hautaketaren garrantzia

Ezkontza otordua egiteko lekurik onena bilatzeko, oso argi izan behar da barruan ala kanpoan egiten den. Izan ere, ezkontza egiten den sasoitik harago, ospakizunak itxura oso desberdina hartzen du eremuaren arabera. Aire zabaleko eta naturarekin kontaktuan dagoen ospakizun batek askatasuna eta freskotasuna ematen dio otorduari; barruko areto eder eta zabalen batean egiteak, aldiz, elegantzia, epeltasuna eta intimitatea. 

 
Biak tartekatzeko aukera 

Beti daude tarteko konponbideak. Toldoek eta karpek eskaintzen dituztenak bezalakoak. Otorduaren faseekin ere jolastu daiteke. Aperitiboa edo ongietorri koktela kanpoan eta ospakizun nagusia barnealdean egitea hautatzen dute bikote askok; hala, esperientzia desberdinak bizi daitezke eremu berean, eta eremuen ezaugarri guztiak elkartu daitezke.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!