Tendentzien joan-etorrian, aukera zabala dago ezkontza egunerako jantziak hautatzeko, klasikotik modernora

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 25a, 00:00
Jantzi klasikoak ikusten dira gehien, baina geroz eta gehiago arriskatzen dute ezkongaiek.

Traje beltzak eta soineko txuriak izan dira urte askotan erabilienak ezkontzetan, baina moda joerek beste aukera batzuk jarri dituzte mahai gainean. Klasikotasuna mantenduta, ukitu modernoak izaten dituzte oraingo jantziek.

Traje beltz zurrunak eta soineko txuriak izaten ziren ezkontzetan janzteko aukera. Gaur egun, berriz, oso bestelakoa da egoera, eta moda tendentziek gehiago arriskatzeko aukera ahalbidetu dute. Hala, kolore, material eta estilo berriak agertu dira. 

 

SENARGAIAREN JANTZIA

Senargaien jantzietan bikain funtzionatzen dute joera klasikoek, baina badago berritasunak sartzeko tartea. Esmokina izan daiteke azken urteetan gehien erabiltzen den jantzi mota, frakak eta lebitak jarraituta. Aldi berean, modan daude bi edo hiru piezarekin osatutako jantziak, txaleko eta guzti.

Berritasunen artean, transparentziak gailentzen ari dira 2023an. Traje zurrunei alternatiba gisa aurkeztu izan dira, eta geroz eta senargai gehiagok egiten dute hauen aldeko hautua. 

Koloreei buruz hitz egitean, klasikotasunak bere horretan jarraitzen du. Urdina da gehien erabiltzen dena, beltzaren aldean puntu alaiago bat eskaintzen duelako. Hala ere, badira estanpatuak edota jantzi estilizatuak probatzeko hautua egiten dutenak.  

 

EMAZTEGAIAREN JANTZIA

Emaztegaien kasuan, kolore txuria da alde haundiarekin gehien erabiltzen dena, material, joskera eta mota ezberdinetako soinekoekin; baina horrek ez die beste kolore batzuei aterik ixten. Izan ere, jantzi txurietan detaile koloretsuak sartzea da egungo moda, jantziari bizitasuna emateko. Zapatekin eta makillajearekin ere asko jolastu ohi dute emaztegaiek, txuriaren lasaitasuna kolore biziagoekin osatzeko. 

Soinekoez gain, azken urteetan asko haunditu da trajea erabiltzen duten emakumeen kopurua. Kasu honetan, gehiago arriskatzen dira konbinazioekin, eta kolore biziek protagonismoa hartu ohi dute. 

 

Sentimendu ugari uztartzen dira ezkontzetako argazkien bitartez

Ezkontzetako partaide bat gehiago dira argazkilariak, eta aukera ugari daude bizitzako egun berezienetako bat izozteko.


Lotura estua dute aspalditik ezkontzek eta argazkilaritzak. Sentimendu ugari elkartzen diren egunak izaten dira ezkontzetakoak, hemen eta oraina bizitzeko uneak, baina etorkizunera begira ere jarri ohi da jendea. Oroigarri ederrak izaten dira ezkontzetako argazkiekin osatutako albumak, eta bikote adina aukera daude horiek osatzeko. 

Mota askotako argazki bildumak sortzeko aukera dago, eta bakoitzak bere estilora egokitu dezake argazkilarien lana. Argazkiak ezkontza zeharkatu dezake, aurreko, eguneko eta ondorengo uneek dituzten berezitasunak izoztuz. Momentu bakoitzak dituen ezaugarriak desberdinak dira, eta bakoitzak hautatu dezake hobekien egokitzen zaiona. 

 

EZKONTZA AURREKO ALBUMA

Urduritasun eta ilusio haundiko momentuak bizitzen dira ezkontzaren aurreko egunetan. Bizitasun hori aprobetxatuz, asko dira albuma osatzeko argazkiak egiteko aprobetxatzen dutenak. Kasu hauetan, natura, txoko ezkutuak eta ukitu magikoak gailentzen dira, bikotearen maitasuna argazki bidez islatzeko. Aukera ona da ezkontza eguna prestatzen joateko. 

 

EZKONTZA EGUNEKO ARGAZKIAK

Egun haundia iristen denean ere garrantzia hartzen du argazkiak. Une guztiak izoztea izaten da helburua, otorduaren ondoren bizitzako egoera guztiak gogoan mantentzeko. 

 
Album profesionala

Egunean bertan argazkilari profesional bat kontratatzeko aukera hautatzen dute askok. Funtzio nagusia da gertatzen diren gauza guztiak gordetzea, argazki eder eta profesionalen bitartez. Aukera honek ahalbidetzen du ezkontza eguna argazkien bidez berriro bizitzeko aukera. 

 

Bapateko argazki saioak

Giro informalagoan ateratako argazkiek ere pisua hartu dute ezkontzetan. Ospakizun askotan topatu daitezke argazkiak automatikoki ateratzen dituen makinak, peluka, mozorro eta mezu dibertigarriekin.

 
EZKONTZA ONDORENGO ALBUMA

Ezkontza bukatuta ere aukera dago albuma osatzeko. Profesionalek aukera hau gomendatzen diete argazkiak lasaitasunean egin nahi dituzten bikoteei. Ezkontzaren urduritasunak pasata, berriro jantzi bereziak atera eta oroitzapenak berritzeko. 

Askotarikoak dira aukerak, eta ez dago bakarra hautatu beharrik. Bat bestearekin bateratu daiteke, album osatuago bat sortzeko, edota ezkontzaren fase guztiak gorde ahal izateko. Argazkiek bizirik mantenduko dute hain berezia den eguna.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!