Iker Salaberria Binakako Promozio txapelketatik kanporatua izan da

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 21a, 00:00

Orain bi urtekoa errepikatu da, Etxebarriarekin batera. Ligan nagusi izan eta gero, semifinaletan lehendabiziko bi partiduak galdu dituzte.

Iker Salaberria eta Oier Etxebarria Binakako Promozio txapelketatik kanporatuak izan dira, finalerdietako ligaxkan lehendabiziko bi partiduak galdu eta gero. Ligan nagusi izan ziren 12 partidu irabazi eta bi galduta, baina finalerdietako ligaxkan ez dute bere mailarik onena eskaini. Ostiralean Zeanurin, 22-9, galdu zuten Bakaikoa eta Morgaetxeberriaren aurka. Lehenengo partidua 22-14 galdu zuten Zabala eta Gaskueren aurka eta beraz aukerarik gabe geratu dira finalera sailkatzeko. 

Orain bi urte ere egoera berdina bizi izan zuen Iker Salaberriak. Orduan 13 partidu irabazi zituen aurreko ligan eta ondoren, finalerdietan, aukerarik gabe geratu zen, aurten gertatu den bezala.

Afizionatuetan, Eñaut Lizeagak 22-16 irabazi zuen Beitiaren aurka, Amorebietan, lau t'erdiko Master Kaiola txapelketan, 22 urtez azpikoetan.

 

Barandiaran eta Jara-Mujikak galdu, Grabnin

Bestetik, trinketean Grabni txapelketan, bailarako ordezkariek galdu egin zituzten euren partiduak. Nagusien mailan, banaka, Xabier Barandiaranek tanto bakarreko aldearekin galdu zuen Iparraldeko ordezkariaren aurka, 40-39. Gipuzkoarentzat gauzak ez ziren hobe joan binaka, 22 urtez azpikoetan. Mujika astigartarrak eta Jara hernaniarrak osatzen duten bikoteak 40-17 galdu zuten Iparraldeko bikotearen aurka. 

Gipuzkoako Errendimendu Txapelketan, Aritz Labaka eta Lier Zugasti, finalerdiak jokatzeko sailkatu dira 2. mailako haur mailan. 18-14 irabazi zieten Garmendia eta Mendizabali (Goierri). Xuhar Hernandezek eta Aieko Azpeitiak 16-11 galdu zuten final laurdenetan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!