Zumaian irabazita, bolada onera itzuli dira Hernaniko neskak

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 21a, 00:00
Nagusitasunez irabazi zuen Hernanik.

1-3 irabazi zuten Zumaiakoren kontra. Mutilek, aldiz, berdindu egin zuten Arrasaten. 

Sendo jarraitzen dute Hernaniko Ohorezko Erregional mailako neskek. Etxetik kanpo jokatzea egokitu zitzaien asteburuan, eta ez zuten hutsik egin Zumaiakori 1-3 irabazita. Berdeek maila altua erakutsi zuten beste behin, eta argi geratu zen ahaztu zaiela Realaren aurka jasotako porrota. Bigarren postuan jarraitzen du Hernanik, eta Mariño hirugarren sailkatuaren aurka jokatuko dute asteburu honetan. 

Desberdina da, berriz, Hernaniko mutilen egoera. Burua altxa ezinik dabiltza berdeak, eta ezin izan ziren berdinketatik pasa Arrasaten, sailkapeneko azken taldearen aurka. Lehenengo postutik urruntzen ari da Hernani, eta berandu baino lehen eman beharko diote buelta bolada txarrari. Aretxabaletaren bisita jasoko dute asteburuan.

Mundarro ere ezinean

Lasartetik esku hutsik itzuli zen Mundarro. Ostadarren aurkako partiduan 2-1 galdu zuten moreek, nahiz eta berdintzeko aukerak izan. Sailkapenaren gune epelean dago Mundarro, eta Hondarribiaren bisita jasoko dute asteburuan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!