Etxera bueltan dira Euskal Ligako neskak

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 18a, 00:00

Hernaniko jokalaria.

Sestaoren kontra jokatuko dute gaur, arratsaldeko 18:00etan. Mutilek ere Hernanin jokatuko dute, bihar, Jatorkideren aurka.

Bilbon lortutako emaitza bikainaren ondoren, etxean jokatuko du Hernaniko Euskal Ligako nesken taldeak. Pasa den asteburuko partiduari jarraipena emateko aukera izango dute gaur, Sestaoren aurka, arratsaldeko 18:00etatik aurrera.

Sailkapenaren erdialdean daude bi taldeak, baina, puntuei erreparatuta, alde haundia dago hernaniarretatik bizkaitarretara. 14 partidutan 10 garaipen eta 4 porrot jaso ditu Hernanik, 27 puntu bilduta; Sestaok, aldiz, 18 puntu ditu, 6 garaipen eta 8 porrotekin. Norgehiagoka gogorra izango da Hernanirentzat, eta emaitza ona lortuta sailkapenean koska bat igotzeko aukera izango dute.

Etxean jokatu arren, gehixeago itxaron beharko dute Euskal Ligako mutilek. Bihar iritsiko zaie jokatzeko txanda, goizeko 11:30etan, Udapa Jatorkide taldearen kontra. Aurreko jardunaldia ahazteko asmoz irtengo dira hernaniarrak, baina aurkari gogorra izango dute aurrean; ligako bigarren sailkatua.

Jubenil mailan, gaur jokatuko dute nesken bi taldeek; Hernani 1 Goierriren aurka neurtuko da, eta Hernani 2 taldeak Toloboleien kontra jokatuko du. Mutilek bihar jokatuko dute, Donostian, Bera Beraren aurka.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!