Bi torneo garrantzitsu, martxan: GRABNI eta Berria Txapelketa

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 18a, 00:00
Palako nesken Gipuzkoako selekzioa, GRABNIan ariko dena.

Asteburu honetan hasiko da GRABNI txapelketa, bailarako esku pelotari eta palista ugari tartean. Berria Txapelketan, prebiak ari dira jokatzen.

Martxan jarri dira, egunotan, pelotako txapelketa garrantzitsuenetako bi: GRABNI txapelketa, eskuz zein palaz; eta Berria Txapelketa, kluben artean jokatzen den torneoa, eskuz.

Asteburu honetan hasiko da GRABNI txapelketa, eta Urumea bailarako makina bat pelotari ariko dira, Gipuzkoarekin zein Nafarroarekin. Bailarako 12 ordezkari ariko dira Gipuzkoako selekzioarekin: zazpi neska palaz, eta bost mutil eskuz. Eta Beñat Apezetxea goizuetarra izango da bailarako bakarra, Nafarroarekin: jubeniletan ariko da, eskuz binaka.

Palisten artean, hernaniarrak dira Gipuzkoarekin ariko di­ren guztiak: jubeniletan Irati Miner, Joana Tola­retxipi eta Maddi Iri­ondo; 22 urtez azpikoetan Enara Macicior eta Ane Kerejeta; eta nagusietan Amaia Irazustabarrena eta Maider Huizi. CD Hernaniko Miren Goikoetxea urnietarrak ere jokatuko du txapelketa.

Eskuz, berriz, hiru astigartar eta bi hernaniar ariko dira, eta trinketean jokatuko dute denek: Unax Manterola hernaniarrak jubeniletan; Jon Jara hernaniarrak eta Aimar Mujika astigartarrak 22 urtez azpikoetan, elkarrekin; eta Xabier Barandiaran eta Oier Gurutzealde astigartarrek nagusietan.

 

Berria Txapelketaren finala, ekainaren 25ean Hernanin

Joan den asteburuan ekin zioten Berria Txapelketari, eta 29 klub ariko dira lehian. Horien artean ez da faltako Hernani: final zortzirenetan ekingo dio, maiatzaren 14an, Larraun eta Txukun Lakuaren arteko irabazlearen kontra.

Une honetan, prebiak ari dira jokatzen, zenbait talde. Aurreko asteburuan, Amezketako Zazpi Iturrik eta Zaratamoko Upo Mendik egin zuten aurrera. Atzo jokatu zen beste prebia bat, Olabururen eta Azkoitiaren artekoa; eta bihar izango da laugarrena, 16:30etan Hernaniko frontoian: elkarren kontra ariko dira Markina eta Zestoako Abantzu. Bizkaitarrak dira faborito, baina bi baja garrantzitsu dauzkate, eta horrek berdindu dezake kanporaketa.

Biharko prebia ez ezik, beste hainbat kanporaketa jokatuko dira bertan; eta final haundiaren eszenatokia ere izango da Hernani, beste urte batez: ekainaren 25ean jokatuko da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!