Mendi bideetan barrena maparik eta iparrorratzik gabe abiatu, eta inguruko parajeetan galtzea izan liteke, beharbada, aholkurik onena. Mendiz inguratutako zonaldean, amaigabeak dira osatu ditzakegun ibilbideak eta ezagutzeko dauzkagun txokoak, trikuharriak, tontorrak, errekak, urjauziak... Aranotik abiatuta, berehala iritsiko gara txoko horietakoren batera, hartzen dugun bidea edozein dela ere. Eta Goizuetatik ere, ez dugu bide luzea egin beharko horretarako, norabide batean edo bestean: Urumea ibaiaren alde batera, Adarra-Mandoegi mendilerroa eta bere tontorren magalak; eta beste aldera, Loitzate eta Arainburu tontorretara iritsi bitarteko parajeak.
Bi zonaldeak ezagutzeko, badira hainbat ibilbide seinalizatuta, Goizuetako Ibilbide Megalitikoen sarean. Horietako batek, esaterako, Loitzatera eramanen gaitu, herriko plazatik abiatu eta marka hori-urdinei segika. Ibilbide luzea da, ia 18 kilometrokoa, 900 metro inguruko desnibel positiboarekin. Aitasemegi auzoan barrena iritsiko gara Benaisoroko zelaira; eta bertatik, bizkarrari jarraituz, kateatuko ditugu Zalkintza, Asunburu, Aritztxo eta Atakata, Eneko Elorriko lepora iritsi aurretik. Bilurtzikar tontorrera igoko gara aurrena, eta Arramaletara ondoren: hemendik pasako gara bueltako bidean ere, eta Bordatxuriko bizkarretik itzuliko gara herrira, ibilbide zirkularra eginez. Baina, aurrena, Loitzaterainoko bidea osatuko dugu, 3 kilometro ingurukoa, ikuspegi paregabearekin.
Goizuetako plazan bertan topatuko dugu panel bat, elizaren ondoan, distantzia eta zailtasun oso ezberdinetako ibilbideak dauzkana, inguruko zonaldeak ezagutzeko: Alkainzuriain (6,27 kilometro), Aitasemegi (7,78 kilometro), Alkasoaldea (8,5 kilometro), Artikutzako burdinolak (8,6 kilometro), Etxolla (10,94 kilometro) eta Artikutzara joan-etorria (26,88 kilometro). Panelean bertan ageri da ibilbide guztien mapa, bakoitzaren perfila, jarraitu beharreko markak, eta ibilbideari buruzko informazioa eskuratzeko QRa, Urumea Arnastu proiektuaren webgunera (urumeaarnastu.com). Goizuetakoak ez ezik, Aranoko, Ereñotzuko eta Hernaniko ibilbide ugari topatuko ditugu bertan.
Mandoegiko itzuliak, bi aukera: Aranotik errazagoa, Goizuetatik 'konpletoa'
Bada zortzigarren ibilbide bat, Goizuetako plazako panel horretan bertan: Mandoegiko itzulia, Goizuetatik ez ezik, Aranotik ere egin dezakeguna. Goizuetatik eginez gero, ibilbide zirkular osoa egin dezakegu, 14,85 kilometrokoa, marka urdin-horiei jarraituz. 900 metro inguruko desnibel positiboa dauka ibilbide osoak. Aldiz, malda gutxiagoko mendi buelta egin nahi badugu, Aranon aurkituko dugu primerako aukera, Urgaratan edo Errekalekun bat eginda ibilbide horrekin: ia 300 metro gutxiago egingo ditugu gorantz.
Goizuetako plazatik abiatuta, Zubiaunditik zeharkatuko dugu Urumea ibaia, eta Alkasoaldea auzora bidean abiatuko gara. Hasieran, errepidea, mendi bidea eta hormigoizkoa tartekatuko ditugu, Martintxenera iritsi arte. Hortik aurrera, haritz basoak eta pinudiak zeharkatuz iritsiko gara Urgaratako paraje ederretara. Hemendik aurrera, makina bat trikuharri eta mairubaratz topatuko ditugu, ondo kontserbatutakoak, Errekalekura bitartean.
Aranotik abituz gero, berriz, frontoiaren ondotik gora dijoan bidea hartuko dugu, errepidea aurrena eta pista ondoren. San Roke ermitaren ondotik pasa, eta berehala iritsiko gara bidegurutze batera. Hemendik, hiru bide izango ditugu aukeran, Mandoegiko itzuliarekin bat egiteko. Ezkerreko bidea hartuz gero, eta aurrerago eskuinera biratu, bi aukera dauzkagu: bideari segi eta Urgaratara iritsi gaitezke; edo eskuinera biratzen dugun unean ataka pasa, eta Urkamendi eta Arriurdingain tontorretik Errekalekura iritsi, bidean makina bat trikuharri topatuz. Bestela, bidegurutzean pistatik segi dezakegu, eta ibilbide errazagoa eginez iritsiko gara Errekalekura.
Goizuetatik eta Aranotik hasitako ibilbideek bat eginda, Leunetara igoko gara, bere izen tranposoarekin: leuna ez, oso gogorra dauka malda, alde honetatik. Baina behin gora iritsita, Adarra-Mandoegi mendilerroaren bizkarrean egonen gara. Hemendik aurrera, erosoago eginen dugu bidea, Mandoegira. Baratzezarreta edo Abadegurutzetik pasako gara aurrena, Ezpondako zuloa dagoen tokitik oso gertu; eta Ezkaiztegiko lepotik Mandoegira igoko gara ondoren. Ia deskribaezina da, bide zati horretan eta tontorrean bertan izanen dugun ikuspegi paregabea, edozein norabidetan begiratzen dugula ere.
Bertako parajeez gozatu ondoren, bide beretik eginen dugu bueltako bidea, Aranotik abiatu bagara; eta aldiz, ibilbide zirkularra eginen dugu Goizuetara jaisteko, marka urdin-horiei jarraituz. Oso zuzena da jaitsiera, eta bederatzi kilometro pasatxo egin baditugu Mandoegira iristeko, apenas beharko ditugu beste bost kilometro inguru, herrira bueltatzeko.
Aranotik abiatuta hainbat proposamen, Urumea Arnasturen webgunean
Mandoegira joateko ibilbideaz gain, Aranotik bada makina bat aukera, mendi buelta ederrak egiteko, luzera eta zailtasun ezberdinetakoak. Ez daude markekin seinalizatuta, Goizuetakoak bezala; baina hainbat proposamen aurkitu daitezke Urumea Arnasturen webgunean, ibilbidearen deskribapenarekin, jarraibideekin eta interes guneekin.
Horietako bat da, esaterako, Beheko Herria, Larritturriko labaderoa eta Goiko Herria, Aranoko emakumeen bizitza nolakoa zen gertuagotik ezagutzen lagunduko diguna. Hori bezala, ibilbide erraza da Goiko Herritik Suro auzora bitartekoa, herriko ikuspegi ederraz gozatzeko. Eta bada ibilbide luzeago bat ere, 13 kilometrokoa, Letariya, Aranoko kalbayua izenekoa. Hainbat tontor eta gain ezagutuko ditugu horrela: Aranomendi, Ontzorrozko gaina, Unamuno, Garagartza eta Intzingo lepoa.