Denboraldiari hasiera Gipuzkoatik kanpo, bailarako txirrindulariek

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 18a, 00:00
Goenaga Yogurrak taldeko kideak. Argazkia: Donostialdea Bizikletan

Segurtasun arazoak tarteko, bertan behera geratu dira Gipuzkoako lasterketak orain arte. Bizkaian eta Nafarroan hasi dute denboraldia.

Denboraldi hasiera aldrebesa izan du errepideko txirrindularitzak, Gipuzkoan. Aurreko urteotan izandako arazoak saihesteko, lasterketetan lotura lanak egiten dituzten motoristek eskaera egin zuten: motorrei ere segurua egin ziezaietela. Egungo araudiak ez du horretarako aukerarik eman, ordea, eta arazoaren konponbide bila, luze jo du eztabaidak, txirrindularien kalterako. Izan ere, segurtasuna bermatzeko arazoak tarteko, bertan behera geratu dira denboraldi hasierako lasterketak, Gipuzkoan: Beasain eta Mendaroko probak kadeteentzat; Eibar eta Mutrikukoak jubenilentzat; eta Zizurkil eta Asteasukoa afizionatu mailakoentzat.

Hori horrela, Gipuzkoatik kanpo hasi behar izan dute denboraldia, Urumea bailarako txirrindulari askok. Junior mailako mutilek, esaterako, Bizkaian hasi zuten denboraldia, aurreko larunbatean, Berriatuan. Bertan izan zen Tasio Semperena astigartarra, eta 50garren bukatu zuen. Unax Urretabizkaia hernaniarrak, berriz, bere bigarren proba izan zuen Berriatuakoa, 23 urtez azpikoetan, eta ezin izan zuen bukatu. Aurretik, Zumaiako Sarian aritu zen, hori bertan behera geratu ez zela aprobetxatuz; eta 62garren izan zen. Zumaian hartu zuten parte bi astigartarrek ere, eta oso aurrean helmugaratu ziren: Jaime Romero zortzigarren, eta Telmo Semperena 18garren.

Mutil kadeteek bai, Gipuzkoan izan dute debuta egiteko aukera, Zizurkilgo lasterketa jokatu baitzen aurreko igandean. Unax Otegi hernaniarrak hartu zuen parte, eta maila ederrean gainera: bederatzigarren helmugaratu zen, eta bigarren izan zen mendiko sailkapenean.

Talde berria martxan, neska jubenil eta kadeteetan

Ezin izan dute Gipuzkoan hasi denboraldia, neska jubenilek eta kadeteek ere. Nafarroan aritu ziren aurreko igandean, Atarrabian; eta bertan izan zen Noa Rodriguez hernaniarra: 32garren bukatu zuen, kadeteetan. Goenaga Yogurrak talde berriko kide da Rodriguez, hiru txirrindularitza eskolak sortu dutena: Donostialdea Bizikletan, Oarsoaldea eta Irun. Neska kadete eta jubenilekin osatu dute taldea: Noa Rodriguez bera, Elena Cuenca irundarra, Naiara Espinosa hondarribiarra eta Irati Mitxelena hendaiarra kadeteetan; eta Darya Mischchenko ukrainarra jubeniletan.

 

Behin behineko adostasuna, eta lasterketak bueltan

Badirudi bere onera bueltatzen hasi dela egoera Gipuzkoan, eta behin behineko adostasun batekin, lasterketak egiten hasiko direla. Dena den, batzuk bertan behera geratuko dira oraindik, antolatzeko denbora faltagatik; gaur jokatzekoa zen juniorren Uzarraga Igoera, esaterako. Printzipioz, hiru proba dira jokatzekoak, asteburu honetan. Gaurko daude aurreikusita mutil kadeteen Zarauztarra Saria, 10:30etan Zarautzen; eta mutil juniorren San Jose Saria, 15:30etan Azpeitian. Bihar, berriz, nesken Igartza Saria da jokatzekoa, 08:30etan hasita Beasainen, kadeteetan, juniorretan, 23 urtez azpikoetan eta elite mailan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!