Aste santurako planak

'Lurgida', Udalbiltzak herritarren eskura jarri duen webgune eta aplikazio bidezko gida turistikoa

Kronika - Erredakzioa 2023ko mar. 18a, 00:00

Igartzako burdinola bisitatu daiteke Beasainen.

Euskal Herriaren ezagutza eta turismo jasangarria bultzatzea du helburua. Barne turismoari zein kanpo turismoari zuzentzen zaio eta txoko, egitasmo nahiz ospakizun ezberdinak bisitatzeko eta ezagutzeko aukera ematen du.

Lurgida Euskal Herriko gida turistikoa da. Gure herriaren ezagutza sakona eta turismo jasangarria bultzatzea du xede webgune eta APP honek. Barne turismoari zein kanpo turismoari zuzentzen zaion tresna da. Horrenbestez, txoko eta egitasmo nahiz jai ezberdinak bisitatzeko eta ezagutzeko aukera ematen du eta era berean, Euskal Herria herri bezala aurkeztuko zaie kanpoko bisitariei. Ildo beretik, turismo jasangarria eta lehen sektorea uztartzea ere bada Lurgidaren helburuetariko bat; horretarako, camper eta autokarabanak gogo honez jasotzen dituzten hainbat etxaldeetako informazioa eskaintzen du eta trukean, gonbidatuek tokiko produktuak ezagutzeko eta zuzenean erosteko aukera izango dute.

Lurgida aplikazioa eta webgunea, Euskal Herritik mugitzeko eta bertan zer aurkitu daitekeen jakiteko mapa bat da. Mapa hori, webgunea eta aplikazioa, atal ezberdinez dago osatuta. 

Ataletako batean aipatutako etxaldeak bilatu daitezke, gero bisitatu ahal izateko. Hurrengo atalean, Euskal Herriko herri guztiak daude sailkatuta eta bakoitzean sartuz gero herri horren xehetasunak eta zer aurkitu eta ikusi daitekeen dago azalduta. Ondare inmateriala ere eskuragarri dugu. Euskal Herria aberatsa da ondarean eta sailkaturik lurgidan aurkitu eta ezagutu dezakegu, gero bisitatzeko. 

Beste interesgune garrantzitsua ibilbideen atala da. 17 ibilbide sailkatu dira eta bertako interesgune nagusiak Aste Santuan ezagutu daitezke. Kronikak bi gomendio egiten ditu: bat, bailaran bertan egin daiteke ia osorik sagardogintzari lotuta; eta bestea, oihanetik itsasora, bailaratik kanpora hasten da, Irurtzunen, Burdinolaren Interpretazio Zentroan, eta bailara igaro ondoren Pasaian amaitzen da.

 

Oihanetik Itsasora

Euskaldunek baleak arrantzatzen zituzten euskal kostetan eta Kanadako Ternuara ere joaten ziren. Baleontziak egiteko egurra lortu behar zen eta zein zuhaitz moztu erabakitzea ere lan haundia zen. Ontzia eraikitzeko pieza zuzenak zein biratuak behar ziren eta hori lortzeko haritz-egurra egokia zen. Haritzak lortzeko Nafarroa egokia da eta kasu honetan Sakanako lurretatik igaroko gara egur hura nondik zetorren ikusteko eta zer ibilbide egiten zen jakiteko. 

Ibilbidea garraioz egitekoa da eta Etxarri Aranatzeko haritz zaharraren ibilbidea egin daiteke. Sakana haritz lekua da eta Altsasun Dantzaleku aisialdi eremua bisitatu daiteke, naturan dagoen piknik eremua. San Pedro ermita ere gertu dago. 

Egur horrekin itsasontzia egiteko burdinola beharrezkoa da eta ibilbideari segika Goierrira jeisten gara. Bertan zeuden kokatuak burdinola ezagunak eta oraindik ikusi daitezke: Zerainen burdinaren mendia, Legazpin Euskal Burdinaren Museoa, Beasainen Igartzako burdinola. Sagardoa ere garraiatzen zen itsasontzian eta, Oriari jarraituz kostara hurbildu aurretik, Ezkio-Itsason, Igartubeitiko baserri-sagardotegi zoragarria ezagutu daiteke. 

Itsaso ondoan Pasai San Pedrora iristen gara, Oria eta Urumea bailarak zeharkatu ondoren, eta itsasontziak nola egiten zituzten Albaola ontziola museoan ikusi daiteke. Pasaiako badia zeharkatu, Pasai Donibaneko gastronomia, kale estu eta paisai ederrez gozatu daiteke.

 

Sagardoaren lurraldean, sagardogintza

Urumea sagardoaren lurraldea da eta etxetik irten gabe ere gozatu daiteke inguruko ondareaz, gainera Lurgidan eskaintzen den ibilbideetako bat da. Santiagomendiko Sagardo Bidea, Sagardoetxeko bisita osagarria, sagardo eta sagardoa ekoizten zuten dolare baserrietan zeharkako ibilaldia da. Sagardoaren kulturaren bitartez, Santiagomendiko baserrien eta Astigarragako historia harrigarria, bertako biztanleen bizimodua eta Santiago Bidearen Gipuzkoan zeharko punturik adierazgarrienetakoa ezagutzeko aukera eskaintzen da.

Urte osoan zehar goza daitekeen ibilbide tematikoa da. Zortzi geldia tematiko dituen ibilaldi hau Astigarragako Sagardoetxearen ibilbide osagarria da. Nahiz eta ibilbide hau guztiz doakoa izan, museoak gida bat hartzeko aukera eskaintzen du.

Sagardoetxeak Sagar Trekking izena jarri dio ibilbideari. 6,5 kilometroko luzera du, 298 metroko garaiera metatua, hiru orduko iraupena eta zailtasunaren aldetik, erraza den ibilbidea da.

Ibilbideak zortzi geldialdi tematiko dauzka eta sagardoaren kulturaren bitartez, Astigarragako eta Santiagomendiko baserrien historia, bertako biztanleen bizimodua eta Gipuzkoako Santiago Bidearen punturik esanguratsuenetakoa ezagutuko dituzu. Urte osoan egin daiteke eta Sagardoetxearekin jarri daiteke harremanetan ibilbidea egiteko: 943 550 575 telefonoan edota: info@sagardoarenlurraldea.eus helbidean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!